AERNNOVAk eta IK4-TEKNIKERek industria aeronautikoan laser teknologia erabiltzearen aldeko apustua aurkeztu dute
AERNNOVAk eta IK4-TEKNIKERek laser laborategi aurreratuan garatutako apustu teknologiko berriak aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, zentro teknologikoko fabrikazioan aplikatzeko.
AERNNOVA AEROSPACE multinazionalak eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak industria aeronautikoan lehiakortasuna areagotzen lagunduko duten laser teknologiako irtenbide berriak garatzearen aldeko baterako apustua aurkeztu dute gaur. Plana, laser teknologiako laborategi aurreratu bati esker burutu ahal izan da. Zentro teknologikoaren instalazioetan dago, Gipuzkoako Teknologia Parkean, Eibarren.
Bertan izan da Eusko Jaurlaritzaren delegazio bat, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernáez eta Teknologia eta Estrategia zuzendari Iosu Madariaga buru izan dituena; AERNNOVA AEROSPACE enpresaren aldetik, Aerometallic-eko Eragiketa Industrialen zuzendari Conchita Azcuenaga eta AERNNOVA AEROSPACEko Erakunde Harremanetarako zuzendari eta industria garatzeko zuzendari Francisco Javier Fernández de Retana; eta bukatzeko, IK4-TEKNIKERen aldetik, zuzendari nagusi Alejandro Bengoa.
Laborategiak, duela zenbait urte enpresaren eta zentro teknologikoaren artean abiarazitako elkarlan estrategikoa finkatu du aeronautikaren arloan. Euskadiko enpresentzako erreferentea da, eta laborategiak balio handiagoa eman dio bertan garatuko diren laser bidezko metodo berriak aplikatzeari esker.
Teknologia hori fabrikazio modu berriak diseinatzeko tresna gailena da, bai eta etorkizunean aukera gehien dituenetako bat ere. Fabrikazio modu produktibo, eraginkor eta malguagoak. Hori dela eta, ezinbesteko aktiboa bilakatu da fabrikazioarekin lotura duten prozesu ugaritan.
Baterako proiektuak
Instalazioak martxan daude dagoeneko. Bertan, bi erakundeek elkarlanean garatutako irtenbidearen emaitzak ikus daitezke. Zehazki, aeronautikan erabiliko diren tamaina handiko titaniozko xaflak zulatzeko laser teknologia erabiltzen duen mikro-zulaketarako prototipoaz ari gara.
Zentro teknologikoa arduratu da diseinuaz, garapenaz, ekoizpenaz, kalitatea kontrolatzeaz eta prozesua monitorizatzeaz.
Espezializazioa fabrikazio gehigarrian
IK4-TEKNIKERek laser teknologia berritzaileen gainean duen espezializazio-maila altuari esker, posiblea da AERNNOVA AEROSPACE enpresarekin elkarlanean aritzea. Adibidez, laserraren ponpatzea zuntzean, laser-sorten karakterizazioa, eskanerren optika, diseinua eta garapena, eta fabrikazio gehigarria delakoa, hau da, material geruzak segidan jalkiz egiturak eta piezak fabrikatzeko teknika aurreratua.
Hain zuzen ere, zentro teknologikoak duela zortzi urte espezializatu nahi da Laser Metal Deposition (LMD) teknologian, alegia, hauts metalikoa sintetizatzean oinarritzen den fabrikazio gehigarriko teknikan. Orain, metodo berritzaile hori beste arlo batzuetan ere aplikatzen hasi nahi du, eta hari metalikoan oinarritutako jalkitze-prozesuetan ari da lanean.
Zentzu horretan, gaurko bisita baliogarria izan da hauts bidezko Laser Metal Deposition teknika erabiltzen duten bi gelaxka martxan ikusteko, bai eta gelaxka robotizatu berria ere, hari metalikoa jalkitzen duen metodo berria erabiltzen duena. Horrez gain, ekipamendu berri baten diseinua ikusgai egon da, tamaina handiko piezak egiteko erabiliko dena. Horrekin etorkizuneko apustua egiten du zentroak.
2020rako plan estrategikoa
Fabrikazio gehigarria da IK4-TEKNIKERek 2020rako plan estrategikoan jasotzen duen helburuetako bat. Duela gutxi onartu zen plan hori, eta horren arabera ekipamendu propioak garatu nahi ditu, jalkitze-prozesuak gero eta gehiago hobetze aldera.
Halaber, enpresekin dituen aliantzak sendotzen saiatuko da zentroa, adibidez, AERNNOVA AEROSPACE berarekin. Era horretan, zuzeneko komunikabidea mantendu eta merkatuan dauden benetako beharrak egiaztatu ahal izango ditu.
IK4-TEKNIKERek helburu zehatzak ezarri ditu, besteak beste, bikaintasun teknologikoa lortzea, hazkuntza iraunkorra sustatzea eta pertsonen balioaren alde egitea. Horien bitartez, hirurteko berrian enpresentzako erreferentzia izaten jarraitu nahi du ezagutzen sorrerari eta transferentziari dagokienez, Euskadiko enpresen sarearen lehiakortasunari bultzada emateko konpromisoa hartuta. Eta horretarako bikaintasunaz, espezializazio teknologikoaz eta zorroztasun zientifikoaz baliatuko da, eta industrian egun dauden beharrei erantzungo die.