ENACek entitate honi bakarrik eman dio TRACER LASER teknologiarekin MMCak kalibratzeko ziurtagiria
IK4-TEKNIKERek ENAC ziurtagiria eskuratu du, laser-sistema sofistikatu batekin kalibratu ahal izateko koordenatu handien bidez neurtzeko makinak (MMCak).
Enpresek neurketa-soluzio aurreratuak behar dituzte prozesu giltzarrien fidagarritasuna bermatzeko; hala nola, fabrikatutako piezen kalitatea baliozkotzeko edo, analisiak egite eta erabaki kritikoak hartze aldera, datuak eskuratzeko. Horretarako, azken urteotan, kalitatea neurtzeko ekipoetara jotzen dute fabrikatzaileek; besteak beste, koordenatuen bidez neurtzeko makinetara (MMCetara). Balio teknologiko handia duten ekipoak dira horiek, eta objektu baten ezaugarri geometrikoak kalkulatzeko daude diseinatuta. Zehaztasun handia behar izateaz gain, aldizkako kalibrazio-prozesu zorrotz eta garestiak behar izaten dituzte ekipo horiek, behar bezala funtziona dezaten.
Eremu horretan, Egiaztatze Erakunde Nazionalaren (ENAC) ziurtagiria lortu du IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak, tamaina ertain eta handiko MMCen (1.500 eta 13.500 mm bitarteko ardatz-luzerakoak horiek) kalibrazioak egiteko neurketa-sistema sofistikatu baten bidez, zeina laser-interferometrian dagoen oinarrituta. Horrela, bada, Espainia mailan, teknologia horren bidez kalibrazio-zerbitzua emateko baimena duen entitate bakarra bihurtu da euskal zentroa. Kalibraziorako ohiko patroi fisikoak ordezkatzen ditu teknologia horrek, eta, laser linealekin alderatuta, nabarmen hobetzen du beharrezko denbora.
Teknologia horren erabilerak kalibrazio-irtenbide efizienteagoa eskainiko dio Espainian dagoen MMCen kopuru handiari, zeintzuek 1.500 mm-tik gorako ardatza duten. Izan ere, egun, eskuzko metodoekin kalibratzen dira. Ohiko kalibrazio-sistemen arazo nagusia zera da, oso konplexua dela patroi fisiko oso luzeak azkar eta modu fidagarrian erabiltzea.
Irtenbide automatizatua
Eskuzko metodoen aurrean, guztiz automatizatuta dagoen irtenbidea eskaintzen du sistema horrek, laser-interferometriaren teknologia aurreratuena (TRACER LASERRA deritzona) eta IK4-TEKNIKERek datuak kudeatzeko diseinatu duen softwarea konbinatzen baititu. ETALON AG enpresak diseinatu du TRACER LASERRA. Jatorriz, alemaniarra da enpresa hori, baina nazioarteko enpresa da egun, eta erreferentea da metrologiaren arloan.
Makinaren haztagailutik hurbil jarritako islagailu bati jarraitzen dio irtenbideak, eta lekualdatze linealak neurtzen ditu. Modu horretan, zazpi lineatan banatutako 105 luzera neurtzeko prozesua egiten du, eta bi abantaila eskaintzen, egungo prozesuekin konparatuta. Alde batetik, kalibrazio-prozesu osoan eusten zaio maila interferometrikoaren zehaztasunari, eta, bestetik, asko txikitzen da makinen geldialdi-denbora (6-8 ordu).
Bestalde, IK4-TEKNIKERek sortu duen softwarea ordenagailu baten bidez konektatzen zaie bai MMCari, bai TRACER LASERRA neurketa-sistemari, eta kalibrazioan eskuratutako datuak erregistratzen ditu. Egiaztapen guztiak egin eta gero, makinaren prestazioen datuekin alderatzen diren txostenak sortzen ditu ezarpenak, egon daitezkeen desdoikuntzak hautemateko xedez, ISO erakundearen 10360-2 Arauaren arabera.
"Laser-interferometriak aurrerapen ugari dauzka, orain arte erabili izan diren kalibrazio-metodoen aurrean", baieztatu du Unai Mutilba IK4-TEKNIKEReko Ikuskaritza eta Neurketa Ataleko arduradunak. "Sistema berriari esker, enpresek beren MMCen geldialdi-denbora murriztu ahalko dute, automatikoki sortu ahalko dituzte txostenak, eta egiten diren 105 neurketetarako ziurgabetasunak esleitu ahalko dituzte, makinaren beraren tenperatura kontuan hartuta", adierazi du.
2010ean irekitako bidea
ISO (Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundea) erakundeak, 2010ean, MMCak neurtzeko baliozko patroi gisa sartu zuen laser-interferometria erabiltzeko aukera, eta horren haritik lortu du IK4-TEKNIKERek aipatu ziurtagiria, zentro teknologiak inguruabar hori baliatu baitzuen irtenbide azkarrago, arinago, zehatzago eta efizienteagoa egiteko.
"Zentroak egin duen lana aitortzen du ziurtagiri horrek, eta gure jardueren gaineko konfiantza handitzeko balioko du fabrikazio aurreratuan hain giltzarria den eremuan; hots, metrologian", gaineratu du Mutilbak.