Hondakinen edukiontzien kudeaketa adimenduna, giltzarria smart city-etarako
IK4-TEKNIKER sentsore anitzeko IoT gailu bat ari da garatzen MASERMIC enpresarekin batera. Gailu integratu eta trinkoa izango da, eta, horri esker, denbora errealean monitorizatu ahalko dira hondakinen edukiontzien betetze-egoera, horien geolokalizazioa eta egon daitezkeen arrisku-egoerak (sua, bandalismoa eta abar).
Smart cities izeneko proiektuetan, mugikortasuna, airearen kalitatea eta herritarrentzako zerbitzuen hobekuntza izaten dira erronketariko batzuk, baina horiek bezain garrantzitsua da zabor-bilketaren zerbitzua hobetzea eta, oro har, hirietako hondakinen kudeaketa eraginkorra izatea. Hala, hiriko hondakinen kudeaketa adimenduna faktore giltzarria da smart city-etan.
Erdi hutsik dauden edukiontzietara alferrikako joan-etorriak egitea eta, bestetik, gehien betetzen direnen premiei arretarik ez ematea –sarritan horiek gainezkatzeraino iritsiz–, gaur-gaurkoz, errealitatea da hiri askotan. Halaber, zaila da egon daitezkeen arrisku-egoeren berri goiz edukitzea; hala nola, eguraldi txarraren edo bandalismo-ekintzen ondoriozko suteen edo iraulketen berri edukitzea.
Gauzak horrela, MASERMIC oinarri teknologikodun enpresa, zeinak produktu elektronikoak eta mekatronikoak garatzen, fabrikatzen eta saltzen dituen, eta IK4-TEKNIKER elkarlanean dabiltza WASTEVOL proiektuan, edukiontziak monitorizatzeko sentsore anitzeko IoT (Internet of Things) gailu integratu, sendo eta trinko baten kontzeptu berria garatzeko.
Edukiontzi guztiek edukiko dute sentsore anitzeko IoT gailua txertatuta, eta honako hauek izango dira horren eginkizun nagusiak: ontzien betetze-maila denbora errealean detektatzea, edukiontziak geolokalizatzea eta lehen aipaturiko arrisku-egoerak hautematea.
Zehazki, ad hoc gailu sentsoreen garapenean, produktuen garapenean, fabrikazio-teknologietan, materialetan, simulazioan eta kalkuluan daukan eskarmentua gaineratuko du IK4-TEKNIKERek, balio-kate guztia hartuko duen irtenbide osoa diseinatu eta garatzeko. Bada, zentro teknologikoak, ultrasoinuen teknologia erabiliz, neurketa-printzipioa baliozkotuko du, kontzeptua probatuko du, eta kontsumoa oso baxua izateari begirako diseinu elektronikoa egingo du, neurrira egindako irtenbide bat garatzeko asmoz (irtenbide horrek sentsore berria eta low cost sentsore komertzialak edukiko ditu txertatuta). Ondoren, amaierako produktura eta horren industrializaziora iritsiko da.
M2Mranzko bidean (machine to machine)
Hainbat alderditan oinarritzen da irtenbidearen balio erantsia, eta horien artean dago neurria txikitu izana; izan ere, sentsorearen neurriak lotura dauka ultrasoinuen teknologiaren bitartez distantziak hautemateko ezar daitezkeen funtsezko ezaugarriekin (igorritako pultsuen maiztasuna, hauteman daitekeen distantzia-maila handiena edo teknologia mota horren gutxieneko hautemate-eremu intrintsekoaren tamaina).
Hala, kontsumo baxua duen, IoT konektagarritasun-kapazitatea duen eta betetze-maila zehazteko sentsoreaz gain bestelako sentsoreak izango dituen sentsore anitzeko plataforma garatzeak hobekuntzak ekarriko ditu edukiontzien logistikarekin eta segurtasunarekin zerikusia duten alderdietan.
Gainera, geolokalizazioa ahalbidetuko duen sentsore anitzeko IoT gailuari esker, goiz hauteman ahal izango dira edukiontzien egoera anomalo posibleak.
Eta, azkenik, tenperatura neurtzeaz gain, gailuak ke-detektagailua edukiko du, edukiontziak su hartzen badu ere goiz hauteman ahal izateko.
Proiektuarekin, hondakinen kudeaketan aurreztuko da, hondakinak hobeto kudeatuko dira, eta ingurumen- nahiz gizarte-inpaktua murriztuko da.