IK4-TEKNIKERek tailer batean parte hartuko du ‘EMRP SIB58 Angles’ proiektuaren esparruan
Tailerraren helburua radianaren diseminazioari lotutako garapenak ezagutzea da.
IK4-TEKNIKERek tailer batean parte hartuko du ‘EMRP SIB58 Angles’ proiektuaren esparruan. Tailerraren izenburua "Metrologia angeluarren azken aurrerapenak" da, eta bihar egingo da CEM (Centro Español de Metrología) erakundean, Tres Cantosen, Madrilen.
Ekitaldian, IK4-TEKNIKERez gainera, parte hartuko dute CEM, UME-TUBITAK, CMI, HZB, MWO, PTB, MIKES/VTT, FAGOR, INRIM eta LNE erakundeek, eta radianaren diseminaziorekin erlazionatutako garapenak ezagutzea dute helburu.
‘EMRP SIB58 Angles’
Proiektua 2013an abiatu zen. Hau da helburua: angelu lauaren SI unitatea, radiana, gaur egungo eskaera-mailetara eramatea eta hedatzea bermatzea, partikula-azeleragailuetan eta elektroi askeen laser-instalazioetan egindako goi-mailako zientzia-lanetik aplikazio industrialetaraino.
Hala ere, ikerketa horren beharra komunitate metrologikotik harago doa, zeren eta eskaerak agertzen baitira beste arlo askotan, hala nola oinarrizko zientzia, mekatronika, ingeniaritza mekaniko edo zibila, energia-ekoizpena, aurrerapen medikoak, materialen ikerketa, automobilgintza eta industria aeroespaziala, ikerketa nuklearra, tresneria medikoaren neurketa edo fabrikazioa.
Zehazki, IK4-TEKNIKERek goi-bereizmeneko angeluak —bereizmen horretarako tarte handikoak— sortzeko mahai bat garatu du, LSAG izenekoa. Mahai hori kontzeptu berri bat da, maila mekanikoan angelu txikiak (±3600”) doitasun handiz sortzeko (50 nrad).
Gailu horren abantailetako bat eramangarritasuna da, zeren eta diseinu trinkoa baitu, mekanismo malguak dituelako beste gailu batzuek eragintzarako erabiltzen dituzten besoen ordez. Gainera, zenbait neurketa-sistema optiko txertatu zaizkio, eta, haiei esker, zehaztasun handiz jakin daiteke gailuaren posizio angeluarra.