IK4-TEKNIKERen lankidetzaren balioa
ONA ELECTROEROSIÓNeko José María Ramos, ATTEN2ko Patxi Etxaniz, CASTROLeko Angels Salvador eta RIOGLASSeko Gema Pérez.
José María Ramos, Patxi Etxaniz, Angels Salvador eta Gema Pérez —ONA ELECTROEROSIÓN, ATTEN2, CASTROL eta RIOGLASSekoak, hurrenez hurren— IK4-TEKNIKERekin lankidetzan garatutako proiektu garrantzitsuen arduradunak dira. Beren esperientziatik, lankidetza-modalitate desberdinen eta harreman horien onuren berri ematen digute.
1.- Berrikuntzaren bidean aurrera egiteko, pauso sendoak eman behar dira balioa emango duten aliatuekin. Zer-nolako lankidetza izan da IK4-TEKNIKERek eta ONAk I+Gko proiektu baten esparruan izan dutena?
José María Ramos
ONA ELECTROEROSIÓNeko Teknologia eta Berrikuntzako arduraduna
IK4-TEKNIKERekin berriki izan ditugun lankidetzak hainbat arlo teknologikotakoak dira. Adibidez, IMPELER proiektuari esker (CDTI integratua), makina handi eta berezien sorta modularraren diseinu mekanikoa optimizatu da, eta, aldi berean, produktibitatea eta doitasuna handitu dira. Prototipo garestiak eraiki beharrik gabe portaera mekanikoa simulatu eta aurreikusi ahal izatea eta konpentsazio bolumetrikoko sistema bat garatzea lorpen garrantzitsuak izan dira, eta, horiei esker, lidergo-posizioari eusten diogu horrelako makinetan, bai automobilgintzarako moldeen sektorean, bai energiaren sektorerako turbinetan.
2.- Spin-off baten helburua da aplikazio-eremu espezifiko bat edukirik ezagutza transferitzea. Nola gauzatzen da ATTEN2 eta zer erantzun jaso du merkatuan?
Patxi Etxaniz
ATTEN2ko zuzendari nagusia
IK4-TEKNIKERen spin-off bat gara. Gure helburua da zenbait fluxuren —bereziki, olio lubrifikatzailea— ezaugarri espezifikoak neurtzeko lineako sentsore optikoak garatzea, ekoiztea eta merkaturatzea, eta haietatik eratorritako zerbitzuak ematea.
Orain arte, merkatuaren erantzuna oso positiboa izan da. ATTEN2rentzat, IK4-TEKNIKERekiko lankidetza epe luzeko estrategia da. Guk merkatuaren ikuspegia dugu eta haren beharrak ezagutzen ditugu, eta, hala, egin beharreko garapenak zehazten ditugu. IK4-TEKNIKERekin bat eginda, berriz, alde batetik, olioen laborategiaren esperientziarekin, eta, bestetik, diziplina anitzeko garatze-gaitasunekin —esaterako, optika, elektronika, mekatronika eta SW—, posizio pribilegiatu batean kokatzen gara merkatuan.
3.- Zerbitzu teknologikoek beren sektoreetan aitzindariak diren konpainia espezializatuen eskaera oso zehatzei erantzuten diete. Zer zerbitzu teknologiko eskaintzen dizkio IK4-TEKNIKERek CASTROLi?
Angels Salvador
CASTROL Industriaren Espainiako banaketa-arduraduna
IK4-TEKNIKER, zalantzarik gabe, olio-analisietarako gure lehen hornitzailea da Iberiar penintsulan, bai automobilgintzako lubrifikatzaileetarako, bai fluido industrialetarako. Gure eskaria zabala da: errutinazko analisiak izan daitezke, helburu jakin bat duten analisiak izan daitezke, errendimendu bat zehazteko asmoa dutenak edo saiakuntzaren diseinu jakin bat izatea eskatzen dutenak. Azkenaldian, uretan disolbagarriak diren ebaketa-fluidoekin ere hasi gara lanean.
4.- Patente bat hainbat urtetako garapen-lanaren amaiera arrakastatsua da. Nolako esperientzia izan da RIOGLASSen eta IK4-TEKNIKERen arteko lankidetza?
Gema Pérez
RIOGLASSeko Jabetza Intelektualeko kudeatzailea
Berrikuntza RIOGLASSen bereizgarria da, baina gure negozioan beira dena ez denez, gure osagarri teknologikoak izateko bazkiderik onenak behar ditugu. Gainera, ideia onak ezin dira beti barruan gauzatu; bazkide teknologiko gaituekin egindako lankidetza harmoniko batetik sortu behar dute, eta hori da IK4-TEKNIKERen kasua. Lankidetza-esperientzia hori guztiz positiboa izan da gure enpresarentzat. Hain zuzen, laster elkarrekin babestuko dugu autogarbiketako propietateak dituzten geruzak ekoizteko patente bat. Haren bidez, ispilu-gainazalak denbora gehiago beharko lukete zikintzen, eta ur-kontsumoa eta garbiketarekin lotutako beste baliabide batzuen kontsumoa murriztuko litzateke.