Ibilgailu elektrikoaren kontzeptu berria
IK4-TEKNIKERek motor elektriko efiziente berri bat garatuko du, iman iraunkorrak erabiliko ez dituena; aukera ezin hobea egungo trakzio-motorrentzat.
Hiriguneetako bizi-kalitaterako eta osasunerako arazo nagusi bihurtu dira kutsadura eta trafiko-pilaketa. Horregatik planteatzen da ibilgailuen elektrifikazio jarraitua kezka horrentzako aukera eraginkor gisara.
Testuinguru horretan agertu da WEEVIL proiektua, IK4-TEKNIKERek koordinatzen duena eta Horizon 2020 programa europarrean txertatuta dagoena. Hauxe du helburua: hiru gurpileko hiri-ibilgailu elektriko kapsulatuaren kontzeptu berria garatzea, "tadpole" konfigurazioan (bi gurpil aurrean eta bat atzean). Bost alderdirengatik dakar prototipo horrek jauzi kualitatiboa egitea:
- Segurtasunarengatik eta arintasunarengatik: "low cost" zuntz indartuz eratutako egitura berritzaile bati esker.
- Ibilgailuaren zabalera egokitzeko mekanismo batengatik. Horri esker, toki txikietan aparkatu eta ibili ahalko da ibilgailua, eta berorren egonkortasuna hobetuko da abiadura handiagoetan zirkulatzean.
- Imanik gabeko motor efiziente berri batengatik.
- Bateria trukagarriengatik.
- Diseinu estetiko eta ergonomiko zainduagatik.
Merkatuan, hainbat ibilgailu elektriko mota daude; hedatuen dagoen kategoria (M) eta L kategoria (lau gurpil baino gutxiago dituzten eta kuadriziklo arinak dituzten motordun ibilgailuak). Irtenbide erakargarriak diren arren, gabeziak dauzkate, oraindik ere, pilaketa-, segurtasun- eta erosotasun-alderdietan.
Iman iraunkorrik erabiliko ez duen motor elektriko efiziente berri bat garatzea da IK4-TEKNIKERen erronka. Diseinu oso trinkoarekin, motor horrek osagai bakarrean integratuko ditu bere hiru elementu nagusiak: makina elektrikoa, erreduktorea eta bihurtzaile elektronikoa, Fagor Automation-ek diseinatu duena. Bihurtzailearen goi-mailako kontrol-algoritmoa ere IK4-TEKNIKERek garatuko du. Lehenago, VENUS proiektu europarrean buru izan zen IK4-TEKNIKER, eta merkaturatzeko ibilgailu elektriko baterako motorra garatu zuen horren bidez. Bestalde, motor horren abantailak eta desabantailak ikertu ahal izan zituen, eta balizko industrializazioa aztertu.
Lur arraroetako iman iraunkorrak dituzten motorrak dira ohikoenak ibilgailu elektrikoetan, duten potentzia-dentsitatea dela-eta. Alabaina, horiek ekoizteko erabiltzen diren lur arraroetako material batzuk urriak dira, baita herrialde ekoizleek ezarritako esportazio-kuotak ere, eta horrek guztiak egoera delikatuan uzten du Europa. Mineral horien %95 Txinan erauzten da, eta herrialde horrek bere esportazioak mugatuko dituelako beldurra dago, 2010ean horixe egin baitzuen.
Hori dela-eta, erreluktantzia magnetikoan oinarritutako teknologia aukera ezin hobea da trakzio-motorretarako. Imanik ez edukitzeaz gain, abiadura handiagoa ematen dute motor mota horiek; beraz, transmisioa soildu egin daiteke, eta kostuak murriztu. WEEVIL proiektuaren motorrak hiru aurrerapen garrantzitsu ekarri ditu:
- Makina elektrikoaren konfigurazioa aldatu egin da, bai motorraren funtzionamendua nabarmen hobetzeko, bai fabrikazioa soiltzeko.
- Elektronika ad hoc pentsatuta dago. Makina elektrikoari egokitutako geometria dauka, motor osoaren diseinua trinkotzeko, eta banatutako polo-eraketa dauka, besteren artean, osagai elektrikoen tamaina murrizteko.
- Ibilgailuaren motorraren eta gurpilaren arteko abiadura-erreduktorea motorrean bertan sartuta dago.
IK4-TEKNIKERek gidatutako WEEVIL proiektuak 6,3 milioi euro inguruko aurrekontua dauka, eta industria-sektorean erreferenteak diren hainbat enpresak hartzen dute parte bertan.