IK4-TEKNIKERek parte hartuko du SolarPACES 2017 biltzarrean

Data 25-09-2017 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

Eguzki-energia termoelektrikoaren arloan dituen gaitasunak erakutsiko ditu zentro teknologikoak SolarPACES biltzarraren edizio berrian, 2017ko irailean.

SolarPACES biltzarraren edizio berria hartuko du Txileko Santiagok irailaren 26tik 29ra bitartean. Bada, biltzar hori munduko garrantzitsuena da, eguzki-energiaren kontzentrazioari eta energia kimikoaren sistemei dagokienez.

IK4-TEKNIKERek modu aktiboan hartuko du parte biltzarrean, eta eguzki-energia termoelektrikoaren eremuan egin dituen garapen berrienak aurkeztuko ditu edizio honetan. Garapen horiek bi xede dauzkate komunean: instalazioen errendimendua areagotzea eta kostuak murriztea.

Zehazki, ponentzia hauek aurkeztuko ditu zentro teknologikoak:

“Non-Immersion Ultrasonic Cleaning for Heliostats” izenburua dauka lehenengoak, eta gainazal handietarako garbiketa ultrasonikoko sistema bati buruzkoa da. Sistema horri esker, eguzki-islagailuen garbiketa optimiza daiteke. Islagailu horiek, oro har, eguzkia hargunean kontzentratzeko xedez egunean zehar mugitu egiten diren hainbat ispilu edukitzen dituzte.

“Scalable Heliostat Calibration System - How to calibrate your whole heliostat field in a single night” izenburua dauka bigarrenak. Horren bidez, heliostatoak kalibratzeko prozedura berria aurkeztuko du zentroak. Prozedura horrekin, aldi berean doitu daiteke, egun bakarrean, heliostato-eremu osoa.

IK4-TEKNIKERek eta CENERek garatu duten heliostatoaren diseinu berria optimizatzeko erabili den diseinu-prozedurari buruzkoa da “Heliostat structural optimization: a study of wind load effects with CFD-FEM methods” izeneko ponentzia.

Eta, azkenik, “Hydrophilic anti-soiling coating for improved efficiency of solar reflectors” izenburua duen ponentziarekin, zikinkeriaren aurkako eguzki-islagailuen garapenaz arituko da zentro teknologikoa. Iraunkortasun handia duten estaldura hidrofilikoak jarriz lortu da garapen hori.

Era berean, hiru poster aurkeztuko ditu zentro teknologikoak: “Design and development of a new test bench for simulating 25 years’ cleanness process on mirror surfaces under real conditions”, “Round Robin Test for the Comparison of Emittance Measurement Apparatuses” eta “Development of air stable absorber coatings for high temperature receivers”, eta posterretarako prestatu den gunean egongo dira.

Biltzarra

Energiaren Nazioarteko Agentziak antolatu du biltzarra, mundu osoan dauden energia-arazoei irtenbideak bilatzen laguntzeko asmoz. 600 aditutik gora elkartuko dira Txileko Santiagon, mundu osoko ikertzaileak, zientzialariak eta enpresariak horien artean, hainbat saiotan.

Informazio gehiago

Informazio gehiago izateko, sar zaitez SolarPACES 2017 biltzarraren web ofizialera.