IK4-TEKNIKER, Sociedad Española de Materiales elkarteko kide berria
Zentro teknologikoa SOCIEMAT elkarteko kide izatera pasa da, gainazal eta materialetan espezializatutako beste zentro eta erakunde batzuekin bere alor honetako ezaguerak partekatu ahal izateko.
IK4-TEKNIKER Sociedad Española de Materiales (SOCIEMAT) elkartean sartu da erakundeko kide berri gisa.
Sarrera berri honekin, zentro teknologikoak bere ezaguerak zabaldu nahi ditu zientziaren, ingeniaritzaren eta materialen teknologiaren alorretan, hartara arlo honetan burutzen ari den ikerkuntza- eta garapen-lan garrantzitsua sustatu eta ezagutzera emateko.
Halaber, industriari aplikatutako gainazal eta materialen alorrean duen 35 urtetik gorako esperientzia jarriko du elkartearen eskura. Bere izaerari eta industria-sektorearekin duen harreman estuari esker, zentro teknologikoak lotura gisa jardungo du industriaren eta izaera akademikoagoa duten erakundeen artean.
IK4-TEKNIKER zentroa SOCIEMAT elkarteko kide aktiboa izango da; hainbat ikastaro, prestakuntza-programa, hitzaldi eta abarretan parte hartuko du eta industriatik hurbil dagoen ikuspegi bat eskainiko du.
Kidego berri honi esker, IK4-TEKNIKER zentroak bere posizioa indartuko du zientziaren, ingeniaritzaren eta materialen teknologiaren alorreko erreferentziako zentro teknologiko gisa, alor horretako maila goreneko estatuko erakundeekin lankidetza dinamikoago eta jarraituagoa ahalbidetuz.