IK4-TEKNIKER zentroak mantentze-arloan egindako azken aurrerapenak aurkeztuko ditu Basque Industry 4.0 ekitaldian
Zentro teknologikoa IK4ren standean izango da, eta aktibo industrialak urrunetik monitorizatzeko plataforma adimendun bat erakutsiko du.
Euskadiko IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak industria-mantentzearen arloan egindako azken aurrerapenak erakutsiko ditu Basque Industry 4.0aren laugarren edizioan, asteazkena azaroaren 22an, Donostiako Kursaal Jauregian.
Zentro teknologikoak Alianza IK4 elkarteko beste zentro batzuekin partekatuko du standa, eta ekitaldia baliatuko du SAM (Smart Asset Management) izenarekin garatu duen plataforma erakusteko. Aplikazioak informazioaren eta komunikazioaren azken teknologiak konbinatzen ditu, aktibo industrialak urrunetik monitorizatzen dituen soluzio adimendun bat eskaintzeko.
Zehazki, IK4-TEKNIKER zentroak erakutsiko duen plataformak aukera ematen du makina baten edo makina multzo baten egoerari buruzko informazioa hodeiaren bitartez biltzeko eta monitorizatzeko, eta erraz erabiltzen den interfaz batean aurkezten du informazioa.
Horretarako, tresnak funtzionalitate aurreratu batzuk baliatzen ditu; adibidez, machine learningean eta adimen artifizialean oinarritutako algoritmo konplexuak, makinetatik streamingean iristen den informazioa tratatzeko eta akatsak diagnostikatu eta aurreikusteko.
4.0ko sei proiektu berri
IK4-TEKNIKER manufacturingean espezializatu da denbora luzez, eta gaur egun oso garrantzitsua da 4.0 industriarekin lotutako teknologia guztien esparruan.
Horren adierazle ditugu Basque Industry 4.0 programaren esparruan onartu diren sei proiektu berriak: industria-mantentzearen arloan hiru, monitorizazio eta robotika industrialaren arloan bi, eta ikuskapen eta neurketaren arloan bat.
Sei ekimenak hasierako fasean daude, eta guztira 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute, gutxi gorabehera. Era berean, ekimenak gauzatzeko, hainbat aktibo teknologiko lekualdatuko dira inguruko enpresatara.
Proiektuon esparruan garatutako ekipoak eta sistemak oso askotarikoak izango dira: besteak beste, robotika kolaboratzaileko teknologiekin hornitutako fabrikazio autonomoko zelula berritzaile bat, edo neurketa- eta kontrol-sistema aurreratuak doitasun handiko makina-erreminten belaunaldi berri baterako.
Horrez gain, industria-mantentzearen esparruan garatutako proiektuek garrantzia berezia izango dute. Izan ere, lau ekimen bideratuko dira monitorizatzeko, operazio-analisirako, diagnostikorako eta makinetan akatsak aurreikusteko teknologia garatzera.
Horretarako, zentro teknologikoak mantentze prediktiboarekin lotutako aktibo teknologiko hauekin lan egingo du:
- “Fingerprint” metodologia teknologia sistemen osasun-egoeraren ezaugarriak zehazteko.
- Erabiltzen diren osagaien portaeraren ezagutzaren garapena saiakuntza-bankuen bitartez, besteak beste.
- Kostu-efizientziako mantentze-estrategiara (prediktiboa, prebentiboa, zuzentzailea) egokitutako sentsorizatzean eta monitorizatzean oinarritutako “Condition Monitoring” sistemen garapena.
- Eta SAM plataforma, hodeian, akatsen diagnostikorako eta predikziorako datuak biltzeko eta aztertzeko.
Basque Industry 4.0, fabrikazio aurreratuaren etorkizuna
Eusko Jaurlaritzaren SPRI enpresa-garapenerako agentziak antolatzen duen Basque Industry 4.0 jardunaldiaren helburua da egungo industria-prozesuetan informazioaren eta komunikazioen teknologiak eta teknologia elektronikonak erabiltzeak duen eraginari buruzko hainbat ikuspegi biltzea.
Industria-sektoreko euskal enpresak elkartzeko ezinbesteko topaketa da jardunaldia, bai eta digitalizazioari buruz eztabaidatzeko gunea ere, tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak hartuko dituen egitarauaren bidez. Bestetik, IKTak enpresa-ehunduraren jardueran arrakastaz ezarri diren kasuak era azalduko dira.