IK4-TEKNIKERek abiadura handiko mekanizazioan daukan ezagutza partekatuko du HSM 2018 foroan
El centro tecnológico tendrá una participación destacada en el programa de ponencias técnicas del congreso HSM 2018, que se celebra entre hoy y mañana en el palacio Kursaal de San Sebastián.
Txirbilak erreminta aurreratuen bidez erauzteko metodo berriak, Gauzen Internet mekanizazio-prozesuetan aplikatzeko teknologiak eta makina-erremintetan sistema ziberfisikoak ezartzeko metodoak dira IK4-TEKNIKER zentro teknologikoan abiadura handiko mekanizazioaren arloan adituak diren ikertzaileek High Speed Machining 2018 (HSM) nazioarteko biltzarraren hamalaugarren edizioan jorratuko dituzten gaietako batzuk.
Zentro teknologikoak antolatu du foroa, eta gaur eta bihar egingo da, Donostiako Kursaal jauregian.
Ekitaldiaren lehenengo egunean, “A methodology for the design of chip breakers for PCD tools based on FEM” izeneko hitzaldia emango da. Txirbilak elementu finitoen metodoaren bidez (FEM) erauzteko teknologiak diseinatzeko sistema berriak hedatzea izango da horren xedea, diamante polikristalinozko erremintei (PCD) begira.
Bigarren eta azken egunean, apirilaren 18an, asteazkenean, IK4-TEKNIKERek bertaratutakoekin partekatuko ditu Gauzen Interneten eremuko teknologiak eta sistema ziberfisikoak makina-erremintan aplikatzeko azken joerak, “Machine Tool: Form the Digital-Twin to the Cyber-Physical System” hitzaldiarekin.
Aldi berean, “High Speed Spindles: current status and trends” izeneko ponentzia aurkeztuko du. Horren bidez, Goialde High Speed osagaien fabrikatzaileak abiadura handiko buruen sektoreari eskaintzen dizkion ikuspegia eta zerbitzuak azalduko dira, bai eta IK4-TEKNIKERekin batera eremu horren lehiakortasuna areagotze aldera egiten ari diren garapenak ere.
IK4-TEKNIKERen azken hitzartzea mekanizazio-arloko material aurreratuen ikerketari buruzkoa izango da; bereziki, nikelezko oinarria duten aleazioen, titaniozko aleazioen eta altzairu gogorren inguruko ikerketari buruzkoa (material horiek industriaren, garraioaren, energia-sorkuntzaren eta biomedikuntzaren eremuetan erabiltzeko egiten dira ikerketa horiek). Bada, “Development of a cryogenic machining device for milling operations” hitzaldian emango du horien berri.