IK4-TEKNIKERek parte hartuko du 3DCM biltzarraren bigarren edizioan
Eguzki-hargailuen forma simulatzen duten elementuak neurtzeko eta orientatzeko irtenbiderik hoberena diseinatzeko modelo fotogrametriko bat aurkeztuko du zentro teknologikoak.
2017ko urriaren 9tik 11ra, Aachen hiriak (Alemania) ondoz ondoko bigarren urtez hartuko du 3DCM (3D Metrology Conference) biltzarra, 3Dko metrologiari buruzkoa, eta IK4-TEKNIKERek ez dio hitzorduari huts egingo.
“Feature-based modelling for pose estimation of geometric elements” izeneko hitzaldiarekin hartuko du parte, oraingoan, zentro teknologikoak. Eguzki-instalazio termikoetan erabiltzen diren eguzki-hargailuen forma simulatzen duten elementu zilindrikoen kokalekua neurtzeko eta orientatzeko modelo fotogrametriko berri baten garapenari eta hori baliozkotzeari buruzkoa izango da hitzaldia.
Benetako eszenaren simulazioa egiten du modeloak, intereseko elementua neurtzeko eta horren jarraipena egiteko irtenbiderik hoberena diseinatzeko xedez. Irtenbide komertzialen aurrean, neurtu beharreko elementuen gainean dianarik jarri behar izatean datza irtenbide honen alde nagusia. Horren ondorioz, ez da eszena zertan prestatu, eta ez da beharrezkoa kameren artean ikuspegi komuna ziurtatzea. Horrela, bista anitzeko ikuspegi-sistemetan ohikoak izaten diren oklusio-arazoak saihesten dira.
MOSAIC proiektu europarrean sartuko da modelo fotogrametriko hau. Ezarpen-kostu murriztuekin eta energia-eraginkortasun handiarekin eguzki-kontzentrazioaren inguruko kontzeptu berritzaile bat diseinatzeari, fabrikatzeari eta baliozkotzeari buruzkoa da MOSAIC proiektua.
3DCM biltzarra
3Dko neurketa-teknologiak industria- eta ikerketa-xedeetarako ezartzeari eta garatzeari zuzendutako biltzarra da 3DCM.
Hiru egunez, hainbat gai jorratuko dira; hala nola, fabrikazio aurreraturako 3Dko metrologia, automatizazioa eta prozesuko metrologia, neurketaren ziurgabetasuna eta trazabilitatea edo errealitate areagotua.
Industria aeroespaziala, autopropultsatuen industria edo energia-sorkuntza bezalako industria-sektoreetako 3Dko metrologia-sistemen ikertzaileei eta azken erabiltzaileei dago zuzenduta biltzarra; eta, besteren artean, azken ekarpenak, aurrerapen zientifikoak eta 3Dko metrologiaren eremuarekin zein 3Dko metrologia industrian ezartzearekin zerikusia duten beste kontu batzuk aurkezteko eta partekatzeko asmoa dauka.
Informazio gehiago
Informazio gehiago izateko, sar zaitez 3DCM biltzarraren webgune ofizialera.