IK4-TEKNIKERek parte hartuko du 3DMC biltzarraren laugarren edizioan
Zentro teknologikoak, biltzarraren esparruan, fotogrametriari buruzko workshop batean parte hartuko du, eta eguzki-energia kontzentratzeko teknologiaren kontzeptu berri bat planteatzen duen ponentzia aurkeztuko du.
2019ko azaroaren 4tik 7ra, 3Dko metrologiari buruzko 3DMC biltzarraren (3D Metrology Conference) laugarren edizioa hartuko du Londresek, eta IK4-TEKNIKERek ez dio hitzorduari hutsik egingo. Oraingo honetan, zentro teknologikoak workshop batean hartuko du parte azaroaren 5ean, eta ponentzia batean azaroaren 7an.
“Progress in industrial photogrammetry by means of markerless solutions” izeneko workshop-ean, industria-arloko fotogrametriaren muga batzuk aurkeztu eta mugaketa horiek gainditzeko bestelako ikuspegiak azalduko dira.
Fotogrametria bilakaera-unean dago, fabrikazio aurreratuaren premiekin lerrokatuta; izan ere, agertoki industrialetan eskatzen diren funtzionaltasun eta neurketa-kapazitate ugari eskaintzen ditu.
Fotogrametriaren ezarpenean diana fisikoak erabiltzeak, ekipoen eta neurketa-prozeduren zehaztasuna hobetu ez ezik, fotogrametria bera irmo eta automatikoki ebaztea bermatu ere egiten du.
Alabaina, aplikazio askotan, diana fisikoa erabiltzea muga bihurtzen da, prozesuei denbora edo malgutasuna falta zaielako.
Hala, workshop-ean, diana-kopuru txikia erabili duten edo, are, dianarik erabili ez duten kasu industrialen emaitzen berri emango da. Kasu guztietan, irudietatik ateratako ezaugarri geometrikoetan, algoritmo konbinatuetan eta neurketak egiteko eredu nahiz estrategietan oinarritzen dira soluzioak.
“Large Volume 3D Metrology For Concentrated Solar Power (CSP) Technology” izeneko ponentzian, berriz, eguzki-energia kontzentratzeko teknologiaren kontzeptu berri bat jorratuko da; izan ere, kontzeptu berri horrekin, eta gaur egungo teknologiekin alderatuta, ezarpenaren kostuak murriztuko dira, eta eraginkortasuna areagotuko; hortaz, elektrizitatea sortzeko kostua gutxituko da. Moduluka dago antolatuta, eta honako hauek bilduko ditu: eguzki-eremu erdi-Fresnel hemisferiko finko bat, tenperatura altuetan jarduten duen hargailu mugikor bat eta neurri handiko neurketa-sistema bat.
3DMC biltzarra
3Dko neurketa-teknologiak industria eta ikerketa-xedeetarako ezartzeari eta garatzeari zuzendutako biltzarra da 3DCM.
Hiru egunez, hainbat gai jorratuko dira; hala nola, fabrikazio aurreraturako 3Dko metrologia, automatizazioa eta prozesuko metrologia, neurketaren ziurgabetasuna eta trazabilitatea edo errealitate areagotua.
Industria aeroespaziala, autopropultsatuen industria edo energia-sorkuntza bezalako industria-sektoreetako 3Dko metrologia-sistemen ikertzaileei eta azken erabiltzaileei dago zuzenduta biltzarra; eta, besteren artean, azken ekarpenak, aurrerapen zientifikoak eta 3Dko metrologiaren eremuarekin zein 3Dko metrologia industrian ezartzearekin zerikusia duten beste kontu batzuk aurkezteko eta partekatzeko asmoa dauka.
Informazio gehiago
Informazio gehiago izateko, sar zaitez 3DMC biltzarraren webgunera.