IK4-TEKNIKERek parte hartuko du MetroAeroSpace biltzarraren bosgarren edizioan
Ikusgarri dagoen zerua oso-osorik aztertzeko gaitasuna edukiko duen instalazio zientifikoa da LSST teleskopioa, eta teleskopio horrek apuntatzeko dituen betekizunak egiaztatzeko irtenbide bat aurkeztuko du zentro teknologikoak biltzarrean.
Ekainaren 20tik 22ra, Metrology for aerospace (MetroAeroSpace) nazioarteko biltzarraren bosgarren edizioa hartuko du Erromak (Italia), eta, bertan, sektore aeroespazialerako neurketa-irtenbide berriekin zerikusia daukaten gaiak jorratuko dira.
Biltzarrean, “Relative pointing error verification of the telescope mount assembly subsystem for the Large Synoptic Survey Telescope” izeneko ponentziarekin hartuko du parte IK4-TEKNIKERek; LSST teleskopioak apuntatzeko duen zehaztasuna neurtzeko irtenbide berri baten garapenari buruzkoa da.
Zentro teknologikoak zehaztasun handiko hainbat neurketa-sistema erabili ditu teleskopioan, baita goi-mailako metrologiarako software-sistemak ere.
Ikusgarri dagoen espazioko askotariko eremuei ahalik eta denbora gutxienean argazkiak ateratzea da teleskopioaren xedea. Horretarako, teleskopioak apuntatzeko duen zehaztasunak ahalik eta handiena izan behar du funtzionamendu-tarte osoan.
MetroAeroSpace biltzarra
Industria aeroespazialerako tresnen eta neurketa-metodoen ikerketari eta garapenari bideratutako biltzarra da MetroAeroSpace.
Hiru egunez, besteak beste, honelako gaiak jorratuko dira bertan: industria aeroespazialean metrologiaren bidez lagundutako ekoizpenerako teknologia, aireontzien osagaien neurketa, industria aeroespazialerako proba eta neurketa elektronikoetarako kalibrazio-metodoak...
Informazio gehiago izateko
Informazio gehiago izateko, sar zaitez MetroAeroSpace biltzarraren webgunera.