“Industry 4.0: fabrikazio adimentsua”
Eberhard Abele irakasle ingeniari doktorea, Alemaniako Darmastadt-eko Unibertsitate Teknikoko Ekoizpena, Teknologia eta Makina Erreminta Kudeatzeko Institutuko zuzendaria.
Eberhard Abele irakaslea Alemaniako Darmastadt-eko Unibertsitate Teknikoko Ekoizpena, Teknologia eta Makina Erreminta Kudeatzeko Institutuko zuzendaria da, non ekoizpen-teknologia berriak ikertzen dituen talde baten buru baita, eta “Industry 4.0” paradigma berrian aditua da. Elkarrizketa honetan, Abele irakasleak azalduko digu zertan datzan paradigma berri hori eta zer abantaila dituen industriarako.
1.- Ekoizpen-teknologia berriak ikertzen modu esklusiboan diharduten 70 ingeniariko talde baten buru zara Darmstadt-en. Zergatik da giltzarria Europako industriarentzat I+G+Baren aldeko apustua egiteko ahalegin hori?
Industria-lehiakortasuna lotuta dago merkatu gero eta globalagoetan lehiatzeko enpresek duten gaitasunarekin. I+G+Ba elementu giltzarrietako bat izango da herrialde industrializatuentzat.
Ekoizpen-teknologia berriak garatzea, haiekin produktu berriak –eta, horrez gain, kostuetan eta kalitatean aurrerapenak– lortzeko, gainditu beharreko erronka giltzarrietako bat izango da lehiakorra izan nahi bada. Industriaren sektorearentzat berrikuntza teknologikoak eta sistema berritzaileak garatuz, gure institutuak lehiakortasuna indartzen lagunduko du gure eskualdearen, Alemania osoaren eta, oro har, Europaren ekonomian. Gure ikerketa-jardueren helburua gure gizarte industrialaren garapen ekonomikoa sustatzea da, baina beste alderdi batzuk alde batera utzi gabe, hala nola ongizate soziala eta ingurumenarekiko bateragarritasuna.
2.- Testuinguru horretan, indarra hartzen ari den eta zu aitzindaria zaren kontzeptuetako bat Industry 4.0 da. Zer da zehazki, zer lehia-abantaila izan ditzake Europako ekonomiarentzat, eta zein dira haren etorkizuneko erronkak?
Goi-mailako teknologiako estrategiari lotutako eta Alemaniako gobernuak diseinatutako proiektu batetik sortu zen “Industry 4.0” terminoa, eta fabrikazio adimentsua izatea du helburu. Hona hemen Industry 4.0 kontzeptuaren oinarrizko lau alderdiak:
Interoperabilitatea. Sistema ziberfisikoek (hau da, pieza-etxeak, mihiztatze- eta produktu-estazioak), pertsonek eta fabrika adimendunek Gauzen Interneten bidez eta Zerbitzuen Interneten bidez komunikatzeko duten gaitasuna.
Birtualizazioa. Fabrika adimendunaren kopia birtual bat, sentsoreek (prozesu fisikoen jarraipena egiten dutenak) emandako datuak fabrika-eredu birtualekin eta simulazio-ereduekin konektatuz sortzen dena.
Deszentralizazioa. Fabrika adimendunetan instalatutako sistema ziberfisikoek erabakiak modu autonomoan hartzeko duten gaitasuna.
Denbora errealeko gaitasuna. Datuak biltzeko eta analizatzeko eta prozesu horretatik ondorioztatutako edozein emaitza berehala emateko gaitasuna (Big Data).
Orain arte, kudeaketa-gaietan espezializatutako hainbat institutuk eta aholkularitzak azterketa ugari egin dituzte Industry 4.0ren eraginari eta haren ikuspegi ugariei buruz. Baina industriaren sektoreak orain eskatzen ditu soluzioak! Benetan zer eragin izan lezake Industry 4.0k produktibitatean, kalitatearen hobekuntzan eta malgutasunari buruzko aurrerapenetan?
Erronka horrek informatikaren eta ekoizpen-ingeniaritzaren alorren arteko lankidetza-maila handiagoa eskatzen du, baina, horrez gain, indartu egin behar dira mundu akademikoaren eta industriaren sektorearen arteko loturak ere.
Hain zuzen, badaude jada Industry 4.0ren adibide on batzuk gaitasun horiek dituzten makinetan oinarrituak: hutsegiteak aurreikusten eta mantentze-lanen prozesuak martxan jartzen dituzte edo logistika antolatu bat modu autonomoan martxan jartzen dute, ekoizpenean ustekabeko aldaketak gertatuz gero behar bezala erantzuteko.
3.- Karrerako zati handi bat ikerketa-zentroetan eman duzu, hala nola PTWn edo Fraunhofer-en, baina industriaren eremuan ere esperientzia handia duzu; esaterako, Bosch eta Stihl erreferentziako enpresetan aritu zara. Zure iritziz, zer balio erantsi ematen diote gaur egun zentro teknologikoek enpresari, eta zer etorkizun du harreman horrek?
I+G+Bko proiektuak aztertzean, oro har esan daiteke erronka, oraindik ere, zera dela, ikerketa-institutuetan lan egiten duten gazte ikertzaileen sormena eta ideia berritzaileak industrian maneiatzen diren prozesu eta merkatu-ezagutzekin konbinatzea.
Askotan, ikertzaile gazteak ez dira jabetzen zer konplexua den ekoizpen-sistema bat. Gutxietsi egiten dute abiadura faktoreak industrian duen garrantzia, eta prozesu edo berrikuntza batek behar duen sendotasuna. Alde izugarria dago unibertsitatean prototipo bat sortzearen eta benetan berritzailea den produktu baten artean.
Hori horrela, eta zientzialari profesionalak eskuratu nahi dituzten EAEko zentro horiei dagokienez, abantaila garrantzitsua izan daiteke ikerketan eta bezeroarekiko harremanetan nolabaiteko jarraipen bat lortzea.
Nire iritziz, zentro teknologikoen sare garrantzitsua du Euskadik: ikerketa bikaina egiten dute, eta industriaren sektoreari soluzio teknologiko baliotsuak, ezagutzaz gainera, ematen dizkiote.
Ikerketa-zentro horien eraginkortasuna (bete edozein herrialde industrializatutan bezala) haien lankidetza-mailaren mende dago. Nola lor daitezke sinergiak? Nola parteka daitezke azpiegiturak?
Gai horri dagokionez, oso adibide positiboa dago Euskadin: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES) sortu izana, haren helburua baita eskualdean efektu sinergikoak sortzeko gai den azpiegitura bat garatzea.
Beste adibide positibo bat IK4 Aliantza Teknologikoak sustatutako nazioartekotze-alderdiarekin lotuta dago. Zentro teknologikoen arteko aliantza bat da. Banaka kudeatzen diren arren, proiektuak garatzen elkarlanean aritzen dira, eta azpiegiturak partekatzen dituzte.
4.- Alemania, zalantzarik gabe, Europaren motor industriala da, eta Industry 4.0n erreferentea. Handik, nola baloratzen da herrialde txiki baina industria-tradizio handikoek, hala nola Euskadik, egiten duten apustua beren sarea Industry 4.0ren bidez berritzeko?
Berrikuntzak Industry 4.0ri dagokionez egin dezakeen ekarpena dela eta, bereizi egin behar dira erabiltzaileak eta sistema- edo soluzio-hornitzaileak. Soluzio-hornitzaileez ari garenean, ETE-ei buruz eta, jakina, eragile handiei buruz ari gara, hala nola SIEMENS eta SAP.
Alemanian, enpresa txikiek ere fase goiztiar batean bereganatu dute Industry 4.0; horri esker, hazi egin dira, eta Industry 4.0ren funtzionamenduari eta eskaintzen dituen gaitasunei buruzko ezagutza-maila ona lortu dute.
Enpresa guztiek jabetu behar dute Industry 4.0 joko-arauak aldatzen ari dela automatizazioak informazioaren teknologien munduarekin bat egin ahala, eta ulertu behar dute beren barne-eragiketetarako zer onura izan ditzakeen.
Integrazio-prozesu bat hasia da, eta onuragarria izango da mota guztietako enpresentzat: enpresa handi, txiki edo independenteak, tresna-fabrikatzaile edo-hornitzaileak, ekipo-langileak edo fabrika-integratzaileak.
5.- Azken urteotan, IK4-TEKNIKERekin lankidetzan aritzeko aukera izan duzu. Lankidetza horri buruzko xehetasun batzuk emango dizkiguzu, eta adieraziko diguzu norantz bideratuko den etorkizunean?
Bai, noski. Askotan egon naiz IK4-TEKNIKERekin harremanetan, ideiak partekatzeko eta proiektuetan kolaboratzeko. Hamarkada bat baino gehiago daramagu Abiadura Handiko Mekanizazioari buruzko biltzarra (High Speed Machining) elkarrekin antolatzen.
Haren indarguneetako bat beti izan da kualifikazio handiko langileak izatea bikaintasun teknologiko handi batez lagunduta, zeina IK4-TEKNIKERek duen espezializazio-maila garrantzitsuaren fruitua baita. Laborategi-azpiegiturari dagokionez, berriz, munduko ikerketa-zentro lehiakorrenetako eta ospetsuenetako bat da.
Enpresekin ditugun harremanetan, joera bat dago: bezeroek berek "Leihatila bakar bat"en modura definitzen duten soluzioa nahi dute. Hau da, bazkide bat nahi dute, garapen- eta industrializazio-prozesu osoan haiekin egongo dena.
Litekeena da IK4 Aliantza Teknologikoak efektu sinergikoak sortzea. Alde batetik, ikerketa-zentro batek behar duen espezializazio-maila handia eskain dezake, eta, bestetik, aukera eman dezake ikerketa-taldeen arteko lankidetza-maila handiak soluzioak sor ditzan bezeroarekin egiten den berrikuntza-prozesu osoan zehar.