Preditec eta IK4-TEKNIKER elkartu egin dira prestakuntza-zerbitzuak eskaintzeko industria-lubrifikazioaren eremuan
Hitzarmena 2017an abiarazi da, eta horren xedea da enpresa aragoiarraren prestakuntza-eskaintza zabaltzea zein bi entitateen arteko lankidetza estutzea.
Preditec konpainia aragoiarrak, bibrazioen analisian aditua denak, 2017an erantsiko dizkio bere zerbitzu-eskaintzari IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak Lubrication Management dibisioaren bidez ematen dituen prestakuntza-ikastaro espezializatuak, industriako mantentze-lanei eta lubrifikazioari buruzkoak horiek.
IK4-TEKNIKERek lubrifikazioaren kudeaketa integralaren eremuan eskaintzen dituen zerbitzu teknologiko aurreratuak ordezkatzen dituen marka da Lubrication Management, eta honako zerbitzu hauek osatzen dute: olio lubrikatzaileen analisia, aholkularitza lubrifikazioaren kudeaketa orokorrean, hutsegiteen arrazoien diagnostikoa, prestakuntza eta training-a.
Bi erakundeek sinatu duten lankidetza-hitzarmena mugagabea da, eta xedetzat dauka enpresa aragoiarraren prestakuntza-eskaintza zabaltzea, bai eta zentro teknologikoak ikuskapenaren, mantentze-lanen, laguntzaren eta fidagarritasunaren eremuan erreferentea den konpainia batekin loturak estutzea ere.
“Lankidetza-esparru honen ezarpenaren bidez, lubrifikazioaren arloko prestakuntza- eta zerbitzu-eskariak estaliko ditu Preditec enpresak, eta, guk, aldiz, bibrazioen analisiaren arloan aitzindaria den enpresa batekin dugun lotura sendotu ahal izango dugu", zehaztu du Jorge Alarcón IK4-TEKNIKEReko Zerbitzu Teknologikoen zuzendariak.
Akordioaren arabera, hiru eguneko zenbait mintegi emango dituzte Lubrication Management-eko adituek, eta, besteak beste, honako alderdiak jorratuko dituzte horietan: mundu-mailako makineriarako lubrifikazioa, lubrifikazio-programa baten kudeaketa eta higadura-partikulen eta olioen narriaduraren analisia.
Ikastaroak Zaragozan eta zentro teknologikoak Eibar udalerri gipuzkoarrean dituen instalazioetan emango dira, eta horien helburua izango da lubrifikazioaren kudeaketaren gaineko ezagutzan sakontzea, ekipoen bizitza baliagarria luzatzea ahalbidetuko duen mantentze-lan igarlearen estrategiak burutzeko elementu giltzarritzat hartuta hori.
Lubrikatzaileen sofistikazio mailakatuak, konposatu horiek makineriaren funtzionamendu zuzena bermatzeko funtsezko elementu bihurtzeaz gain, akatsak hautematea eta ekipoen egoeraren monitorizazioa burutzea ahalbidetuko duten produktu bilakatu ditu horiek.
Diziplina horren barruan, IK4-TEKNIKER nazioarteko erreferentea da mantentze-lanetan, industriako olioen eta fluidoen analisian, produktuaren fidagarritasunean, monitorizazioan, eta erabakiak hartzeko informazioa eta euskarriak eskuratzen.