Adimen artifiziala, abiadura-palanka Euskadin

Data 26-10-2021 Tekniker

2021ean, BAIC Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa aurkeztu dute, euskal lurraldeak teknologia horrekin zerikusia duten proiektuak ikertu eta azkartzeko orduan duen lidergoa sustatzeko. Bada, adimen artifiziala inguratuko duen euskal ekosistema berrian aktibo garrantzitsu bihurtzeko behar diren tresnak eta eskarmentua ditu Teknikerrek.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia onetsi zuen 2021eko martxoaren 31n, eta, bertan esaten denez, euskal gizarteak eta industriak aurrez aurre dituzten erronka nagusiei aurre egiteko funtsezko palanka teknologikoa da adimen artifiziala.

Euskadi adimen artifizialari lotutako proiektuen ikerketan eta azelerazioan aktibo liderra izan dadin, euskal industria-ehunduraren lehiakortasuna hobetze aldera, BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa eratu da 2021ean.

Lankidetza publiko-pribatuko eremu berriak teknologia horren garapena sustatuko du Euskadin, adimen artifizialaren inguruan ekosistema oso bat antolatuko du, eta sektorean enpresa berriak sortzea bultzatuko du, tokiko enpresa traktoreak tartean sartuz.

Bada, Tekniker da Euskadin dagoeneko badauden aktore zientifiko-teknologiko horietako bat, eta ezagutza zabala dauka adimen artifizialaren arloan.

Adimen artifiziala Teknikerren, hodeitik edge-ra

Teknikerren, urteak daramatzagu adimen artifizialeko teknologietan oinarritutako produktuak eta soluzioak garatzen, industria digital, adimentsu, erresiliente eta jasangarria sustatzeari begira.

Zentro teknologikoak eremu honetan dituen soluzioen eskaintzak, adibidez, barruan hartzen ditu irudietatik, testuetatik edo neurketetatik abiatzen diren machine learning edo ikaskuntza automatikoko teknologiak eta ikaskuntza sakoneko teknologiak (deep learning).

Halaber, Teknikerrek adimen artifizialaren arloan dituen teknologien sortak barruan hartzen ditu inspekziorako edo nabigazio robotikorako ikuspen artifiziala, logistika mugikorreko flotak kudeatzeko datuen analitika, nabigazioa eta roboten ibilbideak kudeatzeko probabilitate-teknikak edo pertsonen eta makinen arteko interakziorako teknologia linguistikoak (hala nola, Natural Language Processing).

Erabilgarri dauden teknologia semantikoek, era berean, aplikazio ugari estaltzen dituzte, honako hauen bitartez: pertsonen eta makinen artean kanal anitzeko interakzioa ahalbidetzeko ezagutza aditua eta arrazoiketa irudikatuz, erabilera-politikak zehaztuz eta politika horiek betetzen direla ziurtatuz edo interfaze egokitzaile eta moldagarriak garatuz.

Bestalde, big datako eta machine learning-eko teknologiak beste teknologia batzuekin (besteak beste, digital twins edo biki digitalekin) konbinatuta, aurrerapen handiak egin daitezke ekipoen mantentze-lan prediktibo nahiz aginduzkoan edota datuaren kalitatea bermatu eta kalitate hori kudeatzeko orduan.

Eta, azkenik, edge processing deiturikoaren paradigmari helduz gero, paradigma hori adimen artifizialeko algoritmoak prozesadoreetan bertan murgildu eta exekutatzeko gai baita, ibilgailuetarako aplikazioak, osagaien egoera aztertzeko aplikazioak eta gailu medikoetarako aplikazioak garatu daitezke.

Aplikazio askotan txerta daiteke Teknikerrek adimen artifizialeko teknologia-sorta honetan duen eskarmentua, datuak lortuz eta datu horiek prozesatuz edota datuon gainean arrazoituz, smart produktu eta soluzioak lortzeko.

Deskarga ezazu artikulu osoa.

PDF deskarga