Adimen artifiziala pertsonaren eta robotaren arteko ahots eta keinu bidezko interakziorako
Tekniker zentro teknologikoak hitz edo keinu bidez pertsonen eta makinen arteko interakzioa errazteko adimen artifizialaren arloan egindako azken aurrerapenak aurkeztuko ditu hurrengo BIEMH biurtekoan Azokara joaten den edonork eman ahal izango dizkio aginduak robotari, ahotsez edo keinuz, robotak adierazitako lana egin dezan.
Adimen artifizialeko teknologiek ahots edo keinu bidezko kontrolean egindako aurrerapenak egunez egun ikus daitezke gure etxeetan, Alexa edo Siri bezalako sistema ezagunen bidez. Industriaren kasuan, makinen eta pertsonen arteko interakzio-formula berri horiek gero eta garrantzi handiagoa dute, sektore askotan ekoizpen-prozesuak etengabe automatizatzen ari direlako.
Alde horretatik, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Tekniker zentro teknologikoak, esperientzia handia du adimen artifizialeko teknologien garapenean, hala nola machine learning eta deep learning deiturikoetan edo lengoaia naturalaren prozesamenduan eta soluzio adimendunak lortzeko datuak eskuratuz, prozesatuz eta arrazoituz, industria-ingurune kolaboratibo eta digitalizatuak bultzatzeko horien balizko aplikazioetan.
Teknikerrek teknologia horiek aurkeztuko ditu BIEMH-ren hurrengo edizioan. Software-geruza bat robot batean txertatzearen emaitza erakutsiko du, sistema automatizatuarekiko interakzioa modu naturalean eta programazioan espezializatutako prestakuntzarik gabe errazteko.
Horretarako, zentro teknologikoko ikertzaileek irudiei buruzko deep learning tekniketan oinarritutako adimen artifizialeko ereduak garatu eta trebatu dituzte. Horiei esker, erabiltzaileak egindako hitzak eta keinuak komando edo agindu gisa hauteman eta interpretatu ahal izango ditu sistemak.
Adimen artifiziala eta hizkuntza naturala
Teknikerrek garatutako teknologia in situ probatu ahal izango da nazioarteko azokan bin picking aplikazio industrialetarako zelula robotiko kolaboratibo erakusle baten bidez.
Hain zuzen ere, zentro teknologikoko adimen artifizialean oinarritutako soluzioari esker, sistema automatizatuaren erabiltzaileak dozena-erdi aukeraren artean objektu bat hautatu ahal izango du eta, ahots-/keinu-komandoen bidez, objektu hori non laga nahi duen adieraziko du.
Prototipoak, gainera, ikusmen artifiziala izango du, bin picking sistemak zer objektu detektatu dituen eta robotak manipulatuko duen hurrengoa zein izango den ikusteko.
Erakusle hori Bilboko Bilbao Exhibition Centren 2022ko ekainaren 13tik 17ra egingo den Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren hurrengo edizioan egongo da ikusgai, 1. pabiloiko Cl4 korridorean kokatutako zentro teknologikoaren erakustokian.