Adimendun estaldurak nanofilmei buruzko ECNF 2016 biltzarrean
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak eta UPV/EHUk antolatu dute hitzordua, eta gaur hasi eta hilaren 21era bitartean izango da UPV/EHUko Bizkaia aretoan.
Lodiera txikiko estaldurak dira nanofilmak, eta materialen azaleko propietateak aldatu eta material horiek zeregin berriz hornitzeko erabiltzen dira. Askotariko ezarpenak dituzte irtenbide horiek, eta europar ekonomiarako oso garrantzitsuak diren sektoreetara hedatzen da horien erabilera; esaterako, eguzki-energiara, automobilgintzara edo sektore oftalmikora.
Arlo horretako ikerketa bultzatzeko xedez, Bilbok hartuko du nanofilmei buruzko ECNF 2016 biltzar europarraren laugarren edizioa. Gaur hasi eta hilaren 21era bitartean izango da UPV/EHUko Bizkaia aretoan.
IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera antolatu du konferentzia, eta zientifikoen, erakunde ikertzaileen eta sektore pribatuko ordezkarien artean ezagutzak partekatzeko foroa eratu nahi du.
Era berean, nanofilmen eta estaldura aurreratuen ikerketan eta garapenean sartuta dauden eragile ezberdinen arteko loturak indartzeko xedea ere badu biltzarrak, etorkizunera begirako lankidetza-bide berriak esploratzeko.
Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendariak irekiko du ekitaldia gaur, eta Wolfgham Diehl Fraunhofer IST institutuko zuzendariaren hitzaldia entzuteko aukera egongo da. Estaldurei eta nanofilmei zuzendutako munduko ikerketa-zentro nagusiaren burua da Wolfgham Diehl.
Hitzaldi-hautapen oparoa jaso du egitarauak, eta honelako gaiak jorratuko dira: estaldura tribologikoak, nanopartikuletatik nanoegituratutako estalkietara abiatzeko prozesuak edo litiozko ioiak dituzten baterietan aplikatzeko material berriak, besteak beste.
"Eguneroko bizitzan aurki ditzakegu nanofilmak. Gure betaurrekoen leiarretako islen aurkako estalduretan, patata frijituen zorroen metalizatuan, eguzkiaren energia energia elektriko bihurtzen duten modulu fotovoltaikoetan, motordun osagaien marruskadura gutxiko estalduretan...", baieztatu du Javier Barriga IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak, irtenbide horien garrantzia erakuste aldera.
Ikerketa-xede zabalaren barruan, IK4-TEKNIKER 1990etik ari da lanean nanofilmen karakterizazioan. Aldi horretan, energia berriztagarrien edo motorraren sektorerako ikerketak egin ditu, bai eta hainbat garapen lortu ere; adibidez, eguzki-estaldura xurgatzaileak, islen aurkako estaldurak eta estaldura hidrofoboak edo babesgarriak, beste ezarpen batzuen artean.