Adimendun gailu autonomoak gure hirietarako
IK4-TEKNIKERek parte hartu du Local4Global proiektuan. Proiektu horren bidez, adimendun ezarpenek erabakiak modu autonomoan hartzeko gaitasuna izateko soluzio bat garatu da.
Eraikinetako energia-eraginkortasuna maximizatzeko edo hirietako trafiko-fluxua kontrolatzeko eta hobetzeko beharraren ondorioz, sentsore ugaridun inguruneak garatu dira, ‘smart’ edo adimendun ingurune esaten zaienak. Horietan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek funtsezko zeregina betetzen dute. Alabaina, aipatutako inguruneek, oraindik ere, eskulanak behar dituzte beren jarduera optimizatu dadin.
Ekosistema horien errendimendu orokorra optimizatuko duten soluzioak ekartzeko xedez, Local4Global proiektu europarrak arrakastaz burutu ditu esperientzia pilotuak Alemanian; trafiko handiko benetako ingurunean egindakoa: Munich hirian eta Aachen hiri alemaniarreko eraikin batean, hain zuzen ere.
Probek emaitza itxaropentsuak eman dituzte. Sustatzaileen arabera, Munich hiriko trafiko-baldintzak %40etik gora hobetzea ahalbidetu du soluzioak trafikoko piko altuenetan zehar, sarearen errendimendua aldi berean areagotuz.
Zehazki, adimendun gailuak jarri zaizkie semaforoei, trafiko-fluxuaren eta eskariaren arabera, ziklo berdearen denboren aldaketak beren kabuz erabakitzeko gaitasuna emanez horiei. Soluzio horri esker, nabarmen murriztu da trafiko-pilaketa, eta askoz ere lehenago iritsi ahal izan dira gidariak beren helmugetara.
Sistema Aachen hiri alemaniarreko eraikin haundi batean ere ezarri da. Kasu horretan, higiezin batzuen energia-eraginkortasuna %30 baino gehiago hobetzea lortu da, gailuek modu autonomoan erabaki baitituzte aire-girogailuen doikuntza-puntuak, berokuntza zentralaren doikuntza-puntuak eta abar; pertsonen beharrak termikoki asebetetzeaz gain, energiaren faktura murriztuz.
Eraginkortasun energetikoa hobetzeaz gain, bi ezaugarri garrantzitsu daude sistemaren hobekuntzarako: Teknikarien partez inongo kalibraziorik (sistema operaziorako zero kostua dena) behar ez duen sentsore sistema merkearen instalazioa.
Horrekin, gailuek denbora errealean eman dezakete informazioa, bai eta erabaki egokiak hartu ere une bakoitzean, eta modu ezin hobean egokitu daitezke inguruneko aldaketa etengabeetara. Adibidez, automatikoki kalkulatzen dira aire-girogailuetara bidali behar diren aginduak, edo semaforoetara eta gidariei bidali beharreko aginduak, funtzionamendu orokorra optimizatze aldera.
IK4-TEKNIKERen eginkizuna
Abenduan amaitu zen Local4Global proiektua, ikerketan hiru urte igaro ondoren. Europar Batasuneko 7. Programa Esparruan dago kokatuta, eta Europa mailako hainbat erakundez osatutako partzuergo baten bidez dago eratuta; entitate horien artean dago IK4-TEKNIKER.
Euskal zentro teknologikoaz gain, Greziako Hellas Ikerketa eta Teknologia Zentroak, ekimenaren koordinatzailea izan denak, ETH Zurich Suitzako Teknologiaren Institutu Federalak, Aacheneko Unibertsitateak (Alemania), Transver enpresa alemaniarrak, Kretako Unibertsitate Teknikoak (Grezia) eta Municheko Unibertsitate Teknikoak (Alemania) hartu dute parte proiektuan.
Euskal zentroak zeregin nabarmena eduki du partzuergoaren barruan, berak garatu baitu Local4Global proiektuak proposatutako soluzioa osatzen duen softwarea.
“Gateway” bat edo lotura-ate bat da IK4-TEKNIKERek garatu duen ekipoa. Lotura-ate horrek modu errazean lotzen eta akoplatzen ditu jada badauden gailuak; hala nola, semaforoak, mugikorrak edo GPSak eta hodeian dauden zerbitzuak.
Jada badauden gailuak erabiltzeko eta kostu handiko azpiegitura gehigarria jartzeko beharra saihesteko abantaila dauka software horrek. Bestetik, sistema bateragarria da jada badauden kontrol- eta komunikazio-protokolo estandarren sorta handi batekin, eta modu errazean zabal daiteke protokolo berrietara.