Akatsik gabeko ekoizpen aeronautikoa, adimentsuagoa eta jasangarriagoa
Egitura aeronautikoak mihiztatzeko erakusle berritzaile bat garatu du Teknikerrek.
Sentsorizazioko, metrologiako edo fabrikazio gehigarriko teknologia berriak erabat aldatzen ari dira ekoizpen industrialeko prozesu arruntenak. Sektore aeronautikoan integratzeak aukera emango du ingurune adimendun kolaboratiboagoetarantz aurrera egin ahal izateko, eta muntaketa-lanen doitasun-mailak, segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.
Testuinguru horretan, Teknikerrek azken belaunaldiko materialekin egitura aeronautikoak mihiztatzeko erakusle berritzaile bat garatu du Innotool europar proiektuaren esparruan.
Fuselajearen atzeko aldea mihiztatzeko tresneria-multzo baten diseinuan lan egin du Teknikerrek. Tresneria-multzoa Advanced Rear End izeneko egitura bat da, eta irismen labur, ertain eta luzeko aire-garraioaren beharretarako tamaina handiko aireontzi komertzialetan erabiltzen da.
Zentro teknologikoko taldeak sistema mekatronikoen garapenean aplikatu du bere ezagutza, metrologia- eta sentsorizazio-teknologien laguntzarekin, azken belaunaldiko muntaketa-ekipamendua lortzeko. Prototipoak frogatzen du prozesu horiek ere automatizatu daitezkeela eta, gainera, akatsik gabeko ekoizpena lor daitekeela, adimentsuagoa eta jasangarriagoa.
Tresna sentsorizatuak eta simulazioak
Teknikerrek diseinatu eta fabrikatutako prototipoak sentsore adimendunak ditu muntaian laguntzeko, mugimendu zehatz eta seguruak egitea ahalbidetzen dutenak, osagaiak manipulatzeko esfortzuak eta arriskuak minimizatuz. Halaber, muntatu beharreko elementuen kokapena egokia dela bermatzen duten sentsoreak ditu. Zehazki, ikusmen-, indar- eta desplazamendu-sentsoreak dira.
Sentsore-sare hori kanpoko esparru metrologiko batekin osatzen da, makinaren mugimenduak zehaztasun handiz bideratzeko.
Ekipamenduan txertatutako erreminta-multzo horri esker, muntaketa-prozesuaren zehaztasuna hobetzeko eta bizkortzeko aukera ez ezik, produktu aeronautikoaren mihiztatze-faseak une oro monitorizatzeko eta kontrolatzeko aukera ere ematen du. Horrela, kostuak murriztea eta energia eta materiala aurreztea lortzen da, Europar Batasunak fabrikazio jasangarrian ezarritako helburuekin bat etorriz.
Gainera, Innotool (INNOvative TOOling design) ekimenaren esparruan, Aitiip zentro teknologikoak termokonformazioaren eta fabrikazio gehigarriko tekniken bidez pieza termoplastikoak fabrikatzeko erakusle bat sortu du. Teknikerrek pieza aeronautiko handien konformazioaren kontrol termikorako estrategia berriak diseinatzen eta garatzen lagundu du.
Europako Batzordearen Clean Sky 2 programak finantzatutako Europako proiektuan garatutako bi erakusleek sektoreko goi-mailako enpresen ekoizpen-prozesuak hobetzen lagunduko dute, hala nola Aernnovaren ekoizpen-prozesuak.