Arteche eta Tekniker elkarlanean ari dira sare elektriko jasangarriagoa lortzeko
Enpresa eta zentro teknologikoa neurketa-transformadoreen fluido dielektriko mineralaren ordez fluido biodegradagarri bat jartzea ikertzen ari dira.
Euskal industria energia-trantsizioko prozesu batean murgilduta dago. Prozesu horren helburua da emisioak murriztea, energia berriztagarriak sustatzea eta sektorearen eraginkortasuna lortzea. Ingurumen-helburu horiek Europar Batasunak ere ezarrita ditu sektoreak planetan duen eragina minimizatzeko.
Testuinguru horretan, Arteche enpresa elektrikoa BIOATen buru da. BIOAT proiektuan Tekniker zentro teknologikoa ere parte hartzen ari da, neurketa-transformadoreetan fluido dielektriko mineral konbentzionalaren ordez fluido biodegradagarria jartzea ikertzeko. Gailu horiek goi-tentsioko lineen intentsitateak eta tentsioak kontagailu eta babesen bidez neurtzeko moduko balio bihurtzen dituzte.
Zehazki, Tekniker arduratu da Artechek hautatutako hainbat fluido dielektriko biodegradagarri aztertzeaz, egokiena aukeratzeko.
Egindako saiakuntzen ondoren, hautatutako likidoa ester fluido sintetikoa izan da, propietate fisiko-kimiko eta elektriko onenak (ez-eroaleak) dituena. Transformadorearen fabrikazio-prozesuarekin lotutako irizpide teknikoak eta merkatu-irizpideak ere kontuan hartu dira.
"Fluido dielektriko mineralen ordez fluido biodegradagarriak jarrita, Europar Batasunak ezarritako ingurumen-helburuak betetzen direla ziurtatzen dugu, transformadorearen propietateei eragin gabe eta fabrikazioa nabarmen garestitu gabe", adierazi du Alberto Villar Teknikerreko proiektuaren ikertzaile arduradunak.
Fluido dielektriko horiek aplikazio elektrikoetan erabiltzen dira, neurketa- eta potentzia-transformadore gisa. Neurketa-transformadore baten funtzio nagusia isolamendu elektrikoarena da, sistema isolatzailea osatzen duen olioz bustitako paperarekin batera. "Fluido mineralak ez bezala, fluido biodegradagarriak modu naturalean eta ingurumena errespetatuz deskonposatu daitezke", gaineratu du Teknikerreko adituak.
Hobekuntzak nanoteknologiarekin
Probetan, Teknikerrek fluidoen ezaugarri fisiko-kimikoak eta elektrikoak aztertu ditu, bai eta likidoek transformadorearen junturekin duten bateragarritasuna ere.
Halaber, zentro teknologikoak nanoteknologiaren eragina ikertzen du, multzo isolatzailearen ezaugarri dielektrikoak hobetzeko.
Proiektuaren hurrengo urratsen artean, fluidoak neurri-transformadorearen gainerako materialekin duen bateragarritasuna egiaztatzea eta haren bizi-zikloa aztertzea daude, José Miguel Nogueiras, D&D engineer, eta Ixone Urruela, Sustainable Product leader, biak Arteche enpresakoak, azaldu dutenez.
Orain arte lortutako emaitzak Ana Aranzabe Teknologiako zuzendari eta Teknikerreko zuzendariordearen eskutik erakutsi dira, Ingalaterrako Prestonen uztailaren 17tik 19ra bitartean egindako Lubmat 2023, lubrifikazio eta mantentze industrialari buruzko nazioarteko kongresuan.
BIOAT Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programaren barruko 2. motako proiektua da, industria-potentzial handia dutenei buruzkoa.