Azken belaunaldiko heliostatoak, eguzki-energiaren kostua murrizteko
IK4-TEKNIKER eta CENER zentro teknologikoek elkarlanean dihardute EASYren diseinuan. Duen neurri txikiarengatik nabarmentzen den islagailu-kontzeptu berria da EASY.
Gaur egun, hainbat eguzki-instalazio termoelektriko mota daude eguzki-energiaren merkatuan buru izateko etengabeko ahaleginean. Lasterketa horretan, jatorria eguzkian duen energia baliatzeko erabiltzen diren elementuen kostuak murriztea da sektoreko enpresen xede nagusia.
Gauzak horrela, CENER zentro teknologikoak (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak) eta IK4-TEKNIKERek indarrak batu dituzte, EASY (hEliostas for eAsy and Smart deploYment) deritzon eguzki-islagailua (heliostatoetan oinarritutakoa) berritzailea garatzeko. Gailu txikia da hori, eguzki-eremuko kostuak 100 $/m2-ra murrizteko asmoa duena.
Kostu gutxiko motorrek eragiten duten tracking-sistema berritzaile bat dakar gailu horrek. Kableetan oinarritutako transmisio mekanikoa dauka garapenak, eta lasaierarik gabe funtzionatzea ahalbidetzen du horrek, oso kostu txikiarekin. Heliostatoaren tokian kostu txikiagoarekin zehaztasun oso handia edukitzea da emaitza.
Egun erabiltzen diren sistemak baino zehatzagoa da; izan ere, haizeak egituran eragindako deformazioak gutxitzen ditu, eta ispiluen ertzetako akatsak desagertzen dira.
Almeriako Eguzki Plataformaren instalazioetan probatu dira dagoeneko lehenengo garapenak, eta sistemak markatuta dauden betekizunak betetzen dituela baliozkotzea ahalbidetu du horrek.
SolarPACESen aurkeztuko da
IK4-TEKNIKERek SolarPACES biltzarrean aurkeztuko du gailu berria. Eguzki-energia kontzentratzeko arloan eta energia kimikoko sistemen arloan mundu mailako biltzar erreferentea da SolarPACES. Txileko Santiagon egingo da, irailaren 26tik 29ra.
Ekitaldiaren esparruan, zentro teknologikoak lau ponentziatan hartuko du parte. Horietan, heliostatoen sistemaz gain, eremu horretan burutu dituen beste irtenbide batzuk ezagutaraziko ditu; besteak beste, heliostatoak garbitzeko prozedura berri bat eta zikinkeriaren aurkako eguzki-estalduren formatu berri bat.
Energiaren Nazioarteko Agentziak antolatu du hitzordua, eta mundu osoko 600 ikertzaile, zientzialari eta enpresaritik gora elkartuko dira bertan, mundu osoan energiaren eremuan egin diren azken berrikuntzez aritzeko.
Etorkizun oparoa dorre-zentralentzat
Sektore termoelektrikoak gaur egun eskaintzen dituen bestelako aukera teknologikoen artean, aditu askok uste dute dorredun eguzki-zentralak daudela aurrerago datozen urteetan merkatua hartuko duen sistema bihurtzeko borrokan.
Beste sistema batzuen aurrean (hala nola, kolektore zilindro-parabolikoen instalazioen edo Fresnel kolektoreen instalazioen aurrean), kontzentrazio-ratio handiagoetara iristeko gai da dorre-zentralen teknologia, eta, beraz, tenperatura eta efizientzia handiagoetara ere irits daiteke. Horri esker, metatze-gailua lehiakorragoa da, txikiagoa baita metatutako energia-unitate bakoitzaren kostua.
Gainera, zirkuitu termikoa eta hargailua ez daude eguzki-eremuan luzetara jarrita; dorrean sartuta daude. Ondorioz, izugarri murrizten da alde kritiko horren tamaina, eta, beraz, kostuak murrizteaz gain, galera termikoak eta beroa garraiatzen duen fluidoa izozteari lotutako eragiketa-arriskuak murrizten dira.
Era berean, gehienetan, gatz urtuak izaten dira dorre-sistema horietan metatzeko eta garraiatzeko erabiltzen diren fluidoak. Horri esker, ez da trukagarri gehigarririk erabili behar, beste konfigurazio batzuetan gertatzen den bezala, eta, ondorioz, galera termikoak murriztu daitezke, instalazio-eskema soilagoa egin daiteke eta kostuak murriztu daitezke.