Bureau Veritasek IK4-TEKNIKERen industria-lubrifikazio unitatea eskuratu du
Multinazional frantsesak Eibarren mantenduko du industria-olioen analisirako bere dibisio globalaren egoitza europarra.
Bureau Veritas multinazional frantsesak IK4-TEKNIKERen industria-lubrifikazioko negozio-unitatea eskuratu du. Eibarko zentro teknologikoaren instalazioetan joan den astean sinatutako akordioak barnean hartzen du hemendik aurrera Bureau Veritasen industria-olioen analisirako dibisio globalaren egoitza europarra izango dena Euskadin mantentzeko konpromisoa.
Negozioak, orain arte, Lubrication Management markarekin funtzionatzen zuen, 26 langile ditu, eta Europan ongien ekipatutako laborategietako bat ei da. IK4-TEKNIKERen jatorria duela 37 urte Eibarko Armagintza Eskolan kokatzen da, eta lubrifikazioaren kudeaketa integralaren eremuan eskaintzen dituen zerbitzu teknologiko aurreratuak zentroaren kudeaketan bertan ikusten dira. Are gehiago, gaur egun, honako zerbitzu hauek ditu: olio lubrikatzaileen analisia, aholkularitza lubrifikazioaren kudeaketa orokorrean, hutsegiteen arrazoien diagnostikoa, eta prestakuntza espezializatua lubrifikazioaren kudeaketan.
Olioaren eta ekipoaren egoera ezagutzea gero eta garrantzitsuagoa da industria-eremuetan, hain zuzen ere lubrifikazio oker baten ondorioz gerta daitezkeen akatsak modu proaktiboan prebenitzeko, eta erabileran dagoen lubrifikatzailearen analisiaren bitartez ekipoen egoera diagnostikatzeko. IK4-TEKNIKERek esparru horretan azken urteotan garatu duen jakintzari (know-how) esker, sektoreko laborategi liderren artean kokatu da Lubrication Management marka Europa mailan.
Teknologia horrek nazioarteko ezarpena behar du jada hazten jarraitu ahal izateko, eta, beraz, orain, Bureau Veritasek, entsegu-, ikuskapen- eta ziurtatze-zerbitzuetako mundu-mailako liderra izanik, bere presentzia globala baliatuko du bere zerbitzuei bultzada emateko. IK4-TEKNIKERek haize-turbinetako olioen, transformadoreetako olioen eta koipeen analisirako garatu duen esperientzia eta teknologiak ezinbesteko osagarriak dira Bureau Veritasek olioen monitorizatzean lortu duen esperientziarako.
Operazioa izugarri ona izango da IK4-TEKNIKERentzat, hain zuzen ere, atzerriko inbertsioa Euskadira ekartzeaz gain, erabakiak hartzeko zentroa, lanpostuak, ekipamendu teknologikoa eta nazioartekotzeko asmo argia duen negozio bat Eibarren mantentzea lortu delako. Hortaz, arrakastaz beteriko bidea bermatu du; urteetan zehar ezagutza espezializatua lortu du; eta merkatuarekin etengabe kontaktuan egoteari esker, horrelako operazio bat burutu ahal izan du.
Izan ere, bi erakundeen arteko akordioa Lubrication Management eskuratzetik haratago joango da, hain zuzen ere Bureau Veritasek eta IK4-TEKNIKERek aliantza estrategiko bat hasteko asmoa baitute, lubrifikatzaileen analisiaren bidezko garapenean eta ikerketan oinarrituta.
"Bureau Veritasen gura da 2020an olioaren egoeraren monitorizatze-prozesuko mundu-mailako lider izendatua izatea. Lubrication Management erakundea eskuratzea oso operazio garrantzitsua izan da hazkunde-prozesuan dagoen gure ekimen horren ezarpenean", adierazi du Bureau Veritaseko zuzendari exekutibo Didier Michaud Danielek.
“Munduko liderra 2020an”
“Bezeroen operazio-errendimendua balio erantsiko eta datu-kudeaketako zerbitzuen bitartez areagotzera bideratutako aliantzen aldeko apustua egin nahi dugu, eta erosketa-operazio hau apustu horren baitan kokatzen da”, zehaztu du.
Lubrication Management erakundeko Zerbitzu Teknologikoen zuzendari Jesús Terradillosek ere oso balioespen positiboa eman dio operazioari: "Fase berria eta zirraragarria da Lubrication Management erakundearentzat, hain zuzen ere bi erakundeok funtsezko hainbat balio partekatzen baititugu: kalitatea, zerbitzuko bikaintasuna eta esperientzia, besteak beste”.
“Hemendik aurrera, gure bezeroek jarraipena eta arreta-zerbitzu bikaina izango dituzte, kalitate handiaren, profesionaltasunaren eta integritatearen sinonimo den munduko konpainiarik onenetako baten babesarekin”, erantsi du.