CIC energiGUNE eta Tekniker, Flow Batteries Europe elkartearen bazkide sortzaileak
Joan den apirilaren 28an era ofizialean formalizatutako elkarte horren helburua redox fluxuaren industria bultzatzea da, EBk klimaren eta deskarbonizazioaren inguruan dituen konpromisoak betetzen lagunduko duen balio-kate eraginkorra. garatzeko
CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferente den euskal ikerketa-zentroak, eta Teknikerrek, Fabrikazio Aurreratuko teknologietan, Azaleren Ingeniaritzan, Produktu Ingeniaritzan eta IKTetan espezializatutako zentro teknologikoak –biak Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kideak–, Flow Batteries Europe elkartearen sorreran hartu dute parte. Europako 16 erakundek osatutako elkarteak “Europan deskarbonizazioa bizkortzean, redox fluxu-baterien bidez energia biltegiratzeko soluzioen hedapena areagotuz” egingo du lan.
Flow Batteries Europek hiru helburu ditu: fluxu-baterien teknologiak eta horien balio-katea garatzeko aukerak sortzea, Europako finantzaketa-programetan teknologiaren garapena sustatzea eta negozio-aukerak sortzen laguntzea. Apirilaren 28an egindako sorkuntzako batzarrak 9 eragilek osatutako Batzorde Betearazlea hautatu zuen, besteak beste. Horien artean egongo da Raquel Ferret Negozio Garapeneko zuzendaria CIC energiGUNE ordeztuz. Kargu hauek ere hautatu ziren: presidentea (Volterion, Kees van de Kerk), presidenteordeak (Alexander Schönfeldt, CellCube; Tobias Janoschka, Jena Batteries eta Paul Vollant, Largo Resources) eta diruzaina (Guillaume Chazalet, Kemiwatt).
“Europa azkar lekutu behar da fluxu-baterien esparruan, Asiak eta Ipar Amerikak abantaila handia baitute I+G arloan eta merkataritza jardueran”, adierazi du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendariak. “Aliantza hau martxan jartzeak aukerak aprobetxatzea eta Europa mailan balio-kate eraginkor bat zehaztea ahalbidetuko digu”.
Ildo beretik, Unai Eletxigerra Teknikerreko ikertzaileak ekimen horren garrantzia azpimarratu du eta sorkuntza-taldean BRTAko bi kide egotea nabarmendu du. “Aukera paregabea da teknologia honen aurrean abantailazko posizioa hartzeko”, ziurtatu du.
Flow Batteries Europe bi helburu nagusirekin sortu zen. Batetik, fluxu-baterien teknologien abantailak sustatzea eta Europako hornidura-kateari laguntzea; eta, bestetik, fluxu-baterien balio-katearen garapena eta hedapena bizkortzea eta teknologia zabaltzea, EBko legediaren, finantzaketaren eta energia biltegiratzeko proiektuen bidez.
Era berean, irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkarte honek Europako eta munduko deskarbonizazioan aurrera egin nahi du, energia biltegiratzeko soluzioen bidez, fluxu-baterien teknologian eta eraginkortasun- eta segurtasun-ezaugarrietan oinarrituta.
Une honetan, Flow Batteries Europe 5 ikerketa-zentrok (CIC energiGUNE, Tekniker, CENELEST, Paduako Unibertsitatea, ZHAW), 5 industria-enpresak (CellCube, InEnergy, Largo Clean Energy, Voith, W.L. Gore eta elkartuak) 5 start-upek (JenaBatteries, KEMIWATT, Pinflow Energy Storage, Vanevo, Volterion), eta elkarte batek (Vanitec) osatzen dute. Hala ere, erakundeak dei egin nahi izan die fluxu-baterien teknologiak era aktiboan sustatzeko interesa duten Europako erakunde industrial eta instituzional guztiei, Flow Batteries Europen sar daitezen, Europako klima-helburuak eta deskarbonizazioa lortzeko apustuaren barruan.