Datuen ustiapena eta kudeaketa, aerosorgailuen mantentze-lan prediktiboa
ATTEN2 enpresarako egindako proiektuarekin, aerosorgailuen eta horien oliozko sentsoreen funtzionamenduari buruzko informazioa bil daiteke, bai erabili bitartean aurreikusi ahal izateko osagaien jokaera, bai hutsegiteen arriskua murrizteko.
Azpiegitura eolikoen mantentze-lanak (bereziki, offshore instalazioetan daudenenak) jarduera kritikoa dira, eta ezinbestekoak dira aerosorgailuek erabili bitartean izaten duten jokaera ezagutzeko, arazo edo matxura posibleak aurreikusteko eta, horrela, kostuak optimizatzeko eta gehieneko efizientzia lortzeko.
IK4-TEKNIKERek, ATTEN2 spin off-arekin batera, Los Monteros instalazio eolikoko aerosorgailu jakin batzuk monitorizatzen dituen irtenbide bat garatu du, hainbat araubidetako funtzionamenduari buruzko beharrezko informazioa biltzeko, biderkatzaileak erabili bitartean horien jokaera aurreikusteko eta hutsegiteen nahiz planifikatu gabeko etenaldien arriskua gutxitzeko. Irtenbide horrekin, baldintzan oinarritutako mantentze-lanen estrategia ezar daiteke Los Monteros instalazio eolikoko aerosorgailuetan.
Proiektua gauzatzeko eta ekipoen diagnostikoa egin ahal izateko, aerosorgailuek jarduteko dituzten askotariko araubideak hartu dira kontuan. Oinarrizko lana da hori, ekipoen funtzionamendua oso ezberdina izaten delako eragiketa mota bakoitzean, eta datuen analisia baldintzatzera eta zailtzera irits daitekeelako.
Hori dela-eta, eragiketarekin zerikusia daukaten seinaleak biltzeko, SCADA (Supervisory Control And Data Acquisition) sistemako datuak hautatu dira; hala nola, haizearen abiadura, sorgailuaren abiadura, potentzia aktiboa, pitch angelua (palen angelua, haizeari dagokionez), biderkatzaileko olioaren tenperatura eta eragiketaren egoera. Gainera, biderkatzaileetako olioaren degradazioa neurtzen duten sentsoreak jarri dira, degradazioa monitorizatzeko.
Monitorizazioa egokia izan dadin, Fingerprint izeneko metodologia propioa erabili du IK4-TEKNIKERek. Informazioa denbora errealean erabiltzea da kontua, aerosorgailua jarduten ari den egoera ezagutzeko eta modu kontrolatuan bildutako seinaleetatik ondorioak atera ditzaketen uneak hautatzeko.
Metodologia horri esker, denboran alderatu daitekeen informazioa ateratzen da turbinen funtzionamendutik eta sentsoreek ematen dituzten datuetatik. Bada, biderkatzaileen egoera diagnostikatzea ahalbidetzen du informazio horrek, bai eta egon litezkeen arazoak aurreikustea ahalbidetzen ere, aerosorgailuen erabilgarritasun-mailan eragiten duten ustekabeko etenaldiak murrizteko.
Gainera, IK4-TEKNIKERena berarena den SAM plataforman (ingelesez, Smart Asset Management) integratzen da informazio hori guztia, informazioa prozesatu eta horren jarraipena egiteko, ekipoen errendimendua optimizatzeari eta beren bizitza baliagarria luzatzeari begira. SAM plataformak teknologia eta eskarmentua konbinatzen ditu, ekipo mekatronikoetan hutsegiteak eta matxurak hautemateko, diagnostikatzeko eta aurreikusteko, edota mantentze-lanen ingurunea maximizatzeko. Horrela, aktiboen erabilgarritasuna eta bizitza areagotzen dira, eta eragiketa-kostuak murrizten.
Los Monteros instalazio eolikoan, IK4-TEKNIKERek SAM plataforma erabiltzen du, SCADA sistematik eta sentsore-saretik datorren informazioa azter dezan. Halaber, datuak prozesatzeko algoritmoen bidez, adimena txertatzen du, eta, hala, kudeaketa-kapazitateez hornitzen da ATTEN2, zerbitizatzeko eta alarmen jarraipena egiteko.