Dorre-motako eguzki-energia termikoko zentral berriak

Data 17-06-2015 IK4-TEKNIKER

Eguzki-energia termikoko instalazio baten konfigurazio berritzaile bat garatzeko proiektu batean parte hartzen ari da IK4-TEKNIKER, errendimendu global handiagoko zentral bat lortzeko, fidagarrriagoa eta kudeatzen errazagoa eta energiaren merkatuan lehiakorragoa izango dena. 

Eguzki-energia kontzentratua tenperatura altuan aprobetxatzea gero eta aukera lehiakorragoa da munduko energia-merkatuan.

Testuinguru horretan, CAPTure (“Competitive SolAr Power Towers”en akronimoa) ikerketa-proiektua hasi zen 2015eko maiatzean. Europar Batasunaren Horizon 2020 Esparru Programak finantzatutako ekimen bat da; hain zuzen, “Developing the next generation technologies of renewable electricity and heating/cooling” gaiaren barruan eguzki-energia kontzentratuko teknologia garatzeko hautatutako bakarra. 

Energia horren kostuak (LCOE) nabarmen murriztea da proiektuaren helburua. Horretarako, instalazioa (ziklo konbinatu desakoplatuko dorre anitzeko sistema) eta dagozkion osagaiak eraikitzeko kontzeptu berritzaile bat garatuko da. Kontzeptu berritzaile horrekin, errendimendu global handiagoko zentral bat lor daiteke, fidagarriagoa eta kudeatzen errazagoa dena; hau da, energiaren merkatuari begira askoz lehiakorragoa.

Lau urterako proiektua da. Aldi horretan, bero-trukagailu berritzaile bat —multzoaren kontrol-sistema barne— eta heliostato-kontzeptu berri bat garatzea (diseinatzea, fabrikatzea, muntatzea eta probatzea) izango da IK4-TEKNIKERen lan nagusia.

Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER-CIEMAT) da proiektuaren burua, eta IK4-TEKNIKER ikerketa-zentro kolaboratzaile nagusia da. IK4-TEKNIKERez gain, CIEMATek eta Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako, Belgikako eta Suitzako beste 10 erakundek parte hartzen dute.


This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No. 640905