Eguzki-ispiluetarako patente berria
IK4-TEKNIKERek sistema bat garatu du eguzki-ispiluen geometria sentsore ugariren bidez neurtzen duena, fabrikazio-prozesuan dauden ispiluak egiaztatzeko.
IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak fabrikazio-linean bertan eguzki-ispiluen egoera egiaztatzeko aukera ematen duen sistema aurreratu bat patentatu du. Ekoizpen-zikloaren denboretara egokitua dago, eta oso errore-marjina txikia du neurketan.
Espainiako Patente eta Marka Bulegoak joan den azaroaren 6an eman zion patentea gailuari. Autokolimadore-multzo batek eta haiek kalibratzeko prozedura batek osatzen dute gailua. Autokolimadoreak angelu txikiak oso ziurgabetasun baxuekin neur ditzaketen sentsore optikoak dira.
Sentsoreak armazoi finko batean txertatuta daude, eta ispiluarekin aurrez aurre jartzen dira, gainazal islatzaileak neurtzeko. Neurtu beharreko kontrol-puntu adina sentsore erabiltzen dira.
Gailuaz gain, armazoi hori kalibratzeko metodo bat ere garatu du, 0,05 miliradian inguruko doitasunak lortzen dituena.
"Soluzio honek abantailak ditu merkatuan dauden beste garapenen aldean. Gaur egun, garapen horiek tamaina handiko, egonkortasun gutxiko eta neurketak egiteko distantzia handia eskatzen duten osagai ugari konbinatzen dituzte. IK4-TEKNIKERek proposatzen duen sistema, ordea, ispiluaren dimentsioetara egokitzen den ikuskapen-gelaxka oso trinko eta egonkor baten gainean artikulatzen da. Gainera, neurketa-denborak oso txikiak dira eta neurketa-ziurgabetasunak oso baxuak, eta ziurgabetasuna parametro gakoa da neurketa-doitasun handiagoak erreklamatzen dituen industriarako", adierazi du Gorka Kortaberriak, gailu hau garatu duen IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak.
Zentro teknologikoak gaitasun handia du ikusmenaren, optikaren, elektronikaren, doitasun-ingeniaritzaren eta programazio txertatuaren alorretan, eta horri esker egin ahal izan da garapen hori. Urteak daramatza alor horiek ikertzen, industriara egokitutako emaitzak lortzeko.
Zientziaren adar horiek hainbat sektoretan dituzte aplikazioak, hala nola kontsumo-elektronikan, telekomunikazioetan, osasunean, manufaktura-industrian eta automobilgintzan.