Eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentraletan ura aurrezteko irtenbide teknologikoak

Data 21-02-2019 IK4-TEKNIKER

Eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentraletan garbiketa-eragiketak optimizatzeko irtenbide teknologikoak garatzen ari da IK4-TEKNIKER, %70etik %90era bitartean murrizteko baliabide hidrikoen erabilera.

Eguzkiaren erradiazioa aprobetxatzeko eta energia sortzeko gai diren hainbat teknologia daude. Kontzentraziozko eguzki-energia termikoa deiturikoa da teknologia ezagunenetariko bat, CSP (Concentrated Solar Power) ere esaten zaiona. Teknologia horretan, ispiluak edo lenteak erabiltzen dira gainazal txiki batean kontzentra dadin eguzki-argiaren kopuru handi bat.

Berriztagarria ez den energia sortzeko beste teknologia batzuek baino ingurumen-inpaktu txikiagoa, CO2-ren igorpen txikiagoak eta hondakin gutxiago sortzeagatik nabarmentzen da kontzentraziozko eguzki-energia termikoa edo CSP.

Alabaina, ur gutxiko eremuetan kokatu ohi dira horrelako instalazioak; eguzkiaren erradiazioak energia egoki sortzen duen tokietan, alegia. Horrek, bada, oztopatu egiten du teknologia hori haztea.

Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKER parte hartzen ari da WASCOP (Water Saving for Concentrated Solar Power) proiektuan. Eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentraletan ura aurrezteko irtenbide berritzaileak garatzea da proiektuaren xedea, eta, horretarako, hainbat teknologia eta optimizazio-estrategia erabiltzen dira.

Horri begira, batetik, hozketa-prozesu efiziente eta jasangarriagoak ezarriz murriztu nahi du proiektuak uraren kontsumoa, instalazioa hozteko hozketa-metodo hibridoak (lehorra/hezea) sartuta.

Eta, bestetik, garbiketa-estrategia berrien zehaztapenari heltzen dio proiektuak, funtsezko hiru xederekin: gainazal islatzaileetan garbiketa optikoaren premia murriztea, eguzki-eremuaren zikintasun-egoera gehiago ezagutzea eta garbiketa-sistema optimizatzea.

IK4-TEKNIKERen ekarpena

Gainazal optikoen garbiketa-estrategiak kudeatzea da zentro teknologikoaren lana, eta, horretarako, aholku ematen die proiektuan sartuta dauden hainbat partner-i, eta arlo honetako hiru irtenbide zehatz eman ditu.

IK4-TEKNIKERen lehenengo irtenbidean, zikinkeriaren aurkako estaldura ezarri da ispiluaren gainazalean, zikinkeria bertan jalkitzea saihesteko. Hala, uraren kontsumoa %50 eta %75 artean murriztea lortzen da (ohiko ispilu batekin alderatuta), ispiluaren propietate optikoak aldatu gabe.

Zentro teknologikoak emandako bigarren irtenbidean, ispiluaren zikinkeria-maila eta garbiketa-premia denbora errealean identifikatzea ahalbidetzen duen kostu gutxiko sentsorea garatu da. Kostu gutxiko sentsorea denez, zentralaren toki estrategikoetan jar daiteke, zorroztasunez kontrolatu ahal izateko zein eremuk duen garbiketa-premia handiagoa.

Murgiltzerik gabeko ultrasoinuen sistema da hirugarren irtenbidea. Horrekin, ur-kabitazioa eratzen da, eta, ondorioz, zikinkeria arrastatzen, ispiluaren hasierako islagarritasuna %98an berreskuratzea eta ur-kontsumoa sei aldiz murriztea lortzearekin bat.

Irtenbide efizienteak

Merkatuan dauden irtenbideen aldean, estalduraren iraunkortasuna da lehenengo irtenbidearen abantaila; izan ere, gaur egun ez dago eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentraletan urtebete baino gehiago irauten duen estaldurarik.

Irtenbide hori garatzeko, IK4-TEKNIKERek teknologia giltzarriak lantzen ditu (adibidez, eguzki-gela), zikinkeriaren aurkako funtzionaltasuna eransteko ispiluei. Horretarako, gainazala aldatu, karakterizatu eta baliozkotu da.

IK4-TEKNIKER aditua da beren kabuz eta jarduketa sendoz funtzionatzen duten sentsore-gailu miniaturizatuak goitik behera garatzen. Bada, garatu den bigarren irtenbideak, zikinkeria-maila identifikatzen duen sentsoreak, trinkoa eta integragarria izateko abantaila dauka; kostu gutxikoa da, sentikortasun handia dauka, eta, gainera, beste sistema edo gailu batzuekin informazio estandarizatua trukatzea ahalbidetzen dioten komunikazio-sistemak dauzka.

Zentro teknologikoak eman duen hirugarren irtenbidea, garbiketa-sistema ultrasonikoa, eguzki-eremuetan dauden ispiluak garbitzeaz gain, askotariko gainazaletan ezar daiteke (adibidez, zoladuretan edo fatxadetan). Hainbat sektoretako enpresetan (besteak beste, hiriko edo industriako mantentze-lanen sektorean) ibilbide interesgarria egingo dela iragartzen du egitate horrek, ur-kontsumo oso txikiarekin garatzen baitituzte neurri handiko osagaiak garbitzeko eta ekoizteko gailuak.

Irtenbideen efizientzia egiaztatzeko, eskuratutako ingurumen-onurak bezalaxe (ekonomikoak), aurretik laborategian erakutsiko dira garatutako sistemak. Gero, benetako baldintzetan egingo dira saiakuntzak sistema horiekin, eta baliozkotu egingo dira, Almeriako Eguzki Plataforman (PSA-CIEMAT) lehenik eta CSP NOOR instalazioan ondoren (Ourzazate, Maroko).

Horizon 2020 programa europarrean sartuta dagoen WASCOP proiektua 2019aren amaieran bukatuko da; bada, 6 milioi euroko aurrekontua dauka ia, eta partzuergo bat eratu da, non hainbat unibertsitate, ETE, industria eta zentro teknologiko dauden.


This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No. 654479.

PDF deskarga