Elkarlaneko roboten belaunaldi berrirako teknologiak

Data 27-04-2016 IK4-TEKNIKER Tags Automatizazioa eta robotica industriala .

IK4-TEKNIKERek aurreratutako teknologiak garatzen ditu pertsona-robot elkarlaneko inguruak sortzea sustatzeko, industria eremuan segurtasunez eragin ahal izan diezaioten elkarri. Elkarlaneko robotika funtsezko elementua da 4.0 Industria garatzeko orduan, eta BIEMH azokako B19-C20 standean aurkeztuko du IK4-TEKNIKERek.

#miBIEMH

Robotek eta pertsonek esparru berean lan egiteko lan-ingurune berriak sortzeko diseinua giltzarria da manufaktura-sektoreko lehiakortasuna bultzatzeari eta 4.0 Industriaren ezarpenean aurrera egiteari begira.

Elkarlaneko agertokia industria prozesuetako ekosistemaren zati izan dadin, ezinbestekoa da langileen segurtasuna bermatuko duten, fabrikazio sistemak malgutuko dituzten eta horien eraginkortasuna hobetuko duten teknologia aurreratuak garatzea.

Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa lanean ari da, egun robotikak jorratu beharreko erronka nagusiei (hala nola, pertsonalizazioari, kostuen murrizketari eta elkarreragin seguruari) erantzuteko teknologiak diseinatuz.

Robotek pertsonekin lan egin dezaten elkarlaneko lan-inguruneak eraikitzeak irtenbideak edukitzea eskatzen du, bai lan arloan gertatzen diren mugimenduak sentsoreen bidez interpretatzea ahalbidetzeko, bai baldintza aldakorrei egokituko zaizkien eta erabilera zein programazio erraztasuna eskainiko duten nabigazio eta manipulazio estrategiak ezartzeko.

IK4-TEKNIKERek objektuak ezagutzeko, ibilbideen dinamikak sortzeko, pertsonak hautemateko eta horiekin elkarreraginean aritzeko teknologiak garatzen ditu.

Teknologia giltzarri horietako bat da lan eremua ezagutzeko 3D ikuspegia, pertsonak robotetik hurbil hautematen baititu, eta robotaren ibilbidea alda baitezake arriskua egon daitekeen egoeretan, balizko talka egotea saihestuz horrela.

Teknologia berbera erabiltzen da robotak maneiatu beharreko objektuen kokalekua zehazteko unean, eta modu dinamikoan sortzen du robotaren ibilbidea, objektua posizio zehatz batean egon beharrik gabe.
Pertsonen eta roboten arteko elkarreragina funtsezkoa da elkarlaneko robotikak arrakasta izan dezan. Robotekiko elkarreragin naturalagoa ahalbidetzeko teknologiak garatzen ditu IK4-TEKNIKERek, ahotsa eta keinuak txertatuz.

Elkarlaneko robotika irtenbide gakotzat jo da 4.0 Industria sustatzeko. Fabrikaziorako paradigma berria da Industria 4.0, eta ekoizpen prozesuei teknologia elektronikoak, informazio teknologiak eta komunikazioak (TEICak) txertatzean dago oinarrituta.

Eremu horretan, IK4-TEKNIKER lehena da “FourByThree” europar proiektuan. Bertan, elkarlaneko robot modularren belaunaldi berria garatzen da industria inguruneetarako.

PDF deskarga