Elkarlaneko robotika aeronautikako ikuskapen-lanetarako
23-03-2017
IK4-TEKNIKER
IK4-TEKNIKER Europako CRO-INSPECT proiektuaren burua da. Proiektuaren helburua hegazkinetako aleroien ikuskapena hobetzea da, elkarlaneko robotika eta ultrasoinuen bidezko teknikak uztartuz.
Hegazkin arinagoak, gutxiago kutsatzen dutenak eta energia-eraginkortasun handiagoa dutenak fabrikatzeko xedearekin industria aeronautikoan material konposatuak erabiltzen hastean, materialak edo piezak aztertzeko teknika sofistikatuak erabili behar dira azterketa ez-suntsitzaileekin akatsak hautemateko.
Prozesu horiek hobetzeko helburuarekin, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa Europako CRO-INSPECT proiektuaren burua da. Proiektuaren helburua hegazkinetako aleroien ikuskapena hobetzea da, elkarlaneko robotika eta ultrasoinuen bidezko teknika aurreratuak erabiliz, uhin gidatuen bidez. Proiektua SAABek eskatutako betekizunetan ardaztuta dago. Aeronautikako osagaiak fabrikatzen dituen enpresa horrek egun osagaiei egiten zaizkien azterketak optimizatzeko beharra dagoela ikusi du.
Hegazkin iraunkorragoen aldeko apustua egiteko beharrak, ingurumenean ondorio gutxiago dutenak, material konposatuak erabiltzea eskatzen du, eta horiek, aldi berean, azterketak beste era batera egitea eskatzen dute. Gaur egun, kalitate-maila oso altua eskatzen da aeronautikan. Hori dela eta, fabrikatzen diren piezen 0 ikuskatu behar da, eta horrek eragin zuzena du fidagarritasun-mailan, eraginkortasunean eta kostuan.
2016ko irailean abiarazitako eta 2019ko abuztuan bukatuko den proiektu honek lan-giro hibridoa sortzea proposatzen du, non pertsonak eta robotak elkarlanean ari daitezkeen ikuskapen-lanak egiteko. Posiblea izan dadin, ultrasoinuen bidezko teknika aurreratuak erabiltzen dira, uhin gidatuen bidez. Uhin gidatuei esker, ikusteko eta atzitzeko zailak diren osagai zatietan dauden akatsak identifika daitezke.
Proiektuaren buru den IK4-TEKNIKERez gain, proiektua gauzatzeko partzuergo arduraduneko kideak dira IK4-LORTEK eta TECNATOM. Azken enpresa hori osagaien egituraren osotasuna ikuskatzeko zerbitzuetan espezializatuta dago.
Proiektuaren helburu nagusia zera da: robotika, segurtasuna eta ikuskapen-lanak kontrolatzeko osagai teknologikoak garatzea. Ikuskapenak elkarlanean egiteko modu segurua izango da proiektuaren azken emaitza, pertsonen eta roboten lana uztartzen dituena, aleroia modu fidagarri eta eraginkorrean ikuskatze aldera.
Era horretan, osagai handien ikuskapenen kalitatea nabarmen hobetuko da, eta horri esker ikuskapenak bizkorrago egingo dira, modu fidagarrian eta inbertsio eraginkorragoak lortuz.
Egiaztapen-zikloak %40an murriztea espero da. Horretarako, proiektuan parte hartzen duten erakundeek 350.000 euroko finantzaketa jaso dute Europar Batasunaren eskutik.
IK4-TEKNIKERen ekarpena
IK4-TEKNIKER arduratuko da elkarlaneko robotikarekin lotura duten jarduerak kudeatzeaz, pertsonen eta roboten arteko elkarreragina ahalbidetzen duten lan-giro seguruak sortzera zuzenduak.
Euskadiko zentroa erreferentea da robot autonomo adimendunen belaunaldi berrien ikerketan eta diseinuan, giro industrialetara fidagarritasuna, bizkortasuna eta malgutasuna ekar dezaketenak.
Erakundeak esperientzia zabala du Europa mailako proiektuetan, adibidez, honako hauetan parte hartu du: X-ACT, SME-Robotics, ROBOPARTNER, EUROC Challenges eta MAINBOT. Horiei guztiei esker, proiektuak elkarlaneko robotikarekin lotuta dituen erronkei aurre egiteko gai izan da.
Elkarlaneko robotikaren abantailak
CRO-INSPECT proiektuan elkarlanean aritzeko aplikatuko den teknologiak malgutasuna areagotzen du. Alde batetik, robota modu autonomoan jardungo da, eta horri esker fidagarritasuna hobetu eta ikuskapen-zikloak luzatuko dira.
Eta bestetik, soluzio horrek aukera emango dio teknikariari lan konplexuak modu eraginkorragoan egiteko, robotaz lagunduta.