Energia-iturri berriztagarrien integrazioa hobetzeko redox bateriak
IK4-TEKNIKER, ZIGOR enpresarekin lankidetzan, bi elektrolito likido bereiziren arteko prozesu kimiko baten bidez energia metatzen duten redox fluxuko bateriak garatzen ari da. Bateria eraginkorra eta balio-bizitza handiagokoen belaunaldi berri hau irtenbide bat da iturri berriztagarrien bidez ekoitzitako energia metatzeko; hori baita, hain zuzen, energia-metaketaren alorrak duen erronka handietako bat.
Energia berriztagarriak, eskuarki, ez dira sistema elektrikoan kudeatzen. Horregatik, energia horiek modu eraginkorrean integratzeko, ezinbestekoa da teknologia bat izatea iturri horiek eskuragarri dagoen baliabidearen arabera (haizea, eguzkia, olatuak...) sortzen duten soberakina metatu ahal izateko. Sistema elektrikoak eskatzen duen energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-ahalmena baino txikiagoa bada eta energiarik metatzen ez bada, energia-soberakina galdu egiten da.
Redox fluxuko bateriak oso teknologia lehiakorra dira orain energia berriztagarrien merkatuak eskatzen duen energia-metatze masiborako. Potentzia- eta energia-beharrak modu independentean malgutzeko aukera ematen dute berriztagarrien sorkuntza-ahalmenaren arabera, eta, beste bateria-teknologiekin alderatuta, ziklo gehiagoko balio-bizitza dute. Horrek guztiak bereziki egokiak egiten ditu energia berriztagarrien integrazioan aplikatzeko.
Teknologia propioa
IK4-TEKNIKER eta ZIGOR enpresa potentzia ertaineko redox fluxuko eta teknologia propioko baterien lehen belaunaldia garatzen ari dira. Teknologiok egokiak dira energia berriztagarrien integrazioan aplikatzeko nahiz energiaren sorkuntza banatuan aplikatzeko.
Erakunde horiek fluxu-baterien diseinua hobetu nahi dute:
- Operazio-estrategiak optimizatzea, kWh bakoitzeko eraginkortasuna eta kostua maximizatzeko;
- Fabrikazio-prozesu bat diseinatu eta garatzea (batez ere, osagai kritikoena; esaterako, markoak), muntaketak multzoaren estankotasuna berma dezan, modu modularrean eraikitzea erraztu dezan eta mantentze-lanak errazak izan daitezen;
- Potentzia-elektronikaz eta kontrol eta elementu osagarriz hornitutako fluxu-bateria bat garatu eta integratzea, modulu energetiko egoki bat konfigura ahal izateko, energia banatuaren integrazioan aplikatzeko;
- Eta azkenik, fluxu-bateria modular bat eraiki eta merkaturatzea, potentzian eskalatuz joateko, hala merkatuan errazago sar dadin.
Maddi Sánchezek, proiektu honen IK4-TEKNIKEReko arduradunak, dioen bezala, "redox fluxuko bateriak irtenbide bat dira, iturri berriztagarrietatik datorren energia modu eraginkorrean metatzeko behar den ahalmena baitute. Teknologia honek ia bizi infinitua eskaintzen du ziklo-kopuruei dagokienez, eta deskarga-sakonera handiagoa du. Gure sistemen ezaugarri nabarmena diseinuaren malgutasuna da, eta horrek aukera ematen du potentzia handia nahiz elektrizitatea metatzeko ahalmen handia behar duten aplikazioetara egokitzeko. "Ezaugarri horiek", azpimarratzen du, "energia berriztagarrien eskariari erantzuteko hautagai apropos bihurtzen ditu".