Enpresa-kudeaketarako eredu efizienteak, 4.0 Industrian aurrera egiteko xedez
Lean Community enpresa-sareak eta IK4-TEKNIKERek jardunaldi bat egingo dute, enpresak antolatzeko metodologiaren eta laugarren industria-iraultzaren arteko sinergiak bilatze aldera.
Lean metodologiaren oinarrizko printzipioetako batzuk dira bezeroari gehieneko balioa ematea, kostuak murriztea eta ekoizpen-denborak laburtzea; izan ere, baliabideak optimizatuz, ekoizpen-efizientzia areagotzeari bideratutako kudeaketa-eredua da. Antolakuntza-kultura horren eta laugarren industria-iraultzaren arteko sinergiak bilatzeko xedearekin, jardunaldi berezia egingo dute gaur Lean Community-k eta IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak.
“Basque Industry 4.0: digitalizazioaren abangoardia” izenburupean, euskal zentroaren instalazioetan egingo da saioa, eta Lean eredua 4.0 Industriaren paradigmari hurbiltzeko saiakera egingo da bertan. 4.0 Industriaren ezaugarrietako bat da informazioaren eta komunikazioaren teknologiak fabrikazio-sistemetan ezartzea.
Estatu-mailako sarea da Lean Community, eta beren konpainietan antolakuntzarako filosofia hori ezartzeko nahia duten ekoizpen-sektore guztietako profesionalak biltzen ditu. Ahal den baliabide-kopuru txikiena kontsumituz, kalitate altuko ekoizpena egitea da aipatu filosofiaren funtsa. Horretarako, gero eta globalagoa eta zorrotzagoa den merkatuaren barruan lehiakortasuna areagotzea lortzeko behar diren tresnak ematen dizkie Lean Communityk erakundeei.
Gauzak horrela, Lean Communityk IK4-TEKNIKER hautatu du erreferentzia zentro gisa, hurbiletik ezagutu ahal izateko nola ari den ezartzen 4.0 Industria Euskadin; izan ere, estatu-mailan, industria gehien duen eremuetako bat da Euskadi.
"Ekoizpen-inguruneetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera aurreratua nolakoa den ezagutzeko hautatu dute IK4-TEKNIKER; bada, teknologiaren transferentziari eta gure inguruko enpresen garapenari egiten diogun ekarpena aitortzea dakar horrek", baieztatu du Alex Bengoa zentro teknologikoko zuzendari nagusiak.
Jardunaldia
Hitzaldi-eskaintza zabal batek osatu du edizio honen egitaraua, eta, hitzaldi horietan, laugarren industria-iraultzaren oinarrizko bost ardatzak jorratuko dira. Big Data, IoT eta zibersegurtasuna; ikuskapena eta neurria; mantentze-lan igarlea; elkarlaneko robotika eta fabrikazio gehigarria.
90 bat pertsona bertaratuko dira zentro teknologikoko hitzordura, eta lehen eskutik ezagutu dituzte HP, Renault, Gnoss, Datapixel, SONAE, Addimen eta IK4-TEKNIKER bera bezalako enpresa eta erreferentziazko zentroen esperientziak; ekitaldia antolatzeaz gain, aktiboki hartuko baitu parte IK4-TEKNIKERek.
Gero, zentro teknologikoaren instalazioak bisitatuko dituzte parte-hartzaileek, eta 4.0 Industriaren eremuan egiten duen lana ezagutuko dute hurbiletik.
Gaien arabera antolatutako lantaldeekin amaituko da jardunaldia. Lantalde horietan, bertaratzen direnak eta adituak elkartuko dira, bai esperientziak partekatzeko, bai enpresen beharrei epe labur edo ertainean aurre egiteko, etorkizunean eragin handiena izango duten garapenen inguruan eztabaidatzeko edo ekosistema industrial berriaren barruan giza faktoreak duen garrantziaz aritzeko.