Enpresak laugarren iraultza teknologikoan txertatzeko teknologia
IDEKO, IKERLAN eta TEKNIKER zentroek, IK4 Aliantza teknologikoaren parte direnek, BIEMHen aurkezten dituzte Fabrikazio Aurreratuan eta 4.0 Industrian dituzten gaitasunak makina erreminta sektorearentzat
Protagonista izaten ari dira automatizazioa, datuen aprobetxamendua eta fabrikazio aurreratuko teknologiak dagoeneko laugarren Iraultza Industriala bezala ezagutzen den eta datozen urteotan ekonomiaren produkzio-eredua eraldatuko duen prozesuan. IDEKO, IKERLAN eta TEKNIKER zentro teknologikoek, IK4 Aliantzako kide direnek, gaur goizean aurkeztu dituzte errealitate berri hori osatuko duten teknologietako batzuk, atzo hasi eta ekainaren 4ra arte Bilbao Exhibition Centre-en (BEC) ospatzen ari den Makina Erremintaren biurtekoan (BIEMH).
Hiru zentroek elkarrekin jarritako standean (BEC-eko 1 pabiloiko B19-C20 korridorean aurkitzen da) erakutsi dituzte beraien teknologiak, euskal enpresak lagunduko dituztenak etorkizuneko fabrika bilakatzeko eboluzioan.
Bere sektorean Europako garrantzitsuena den ekitaldi honetan, zentroek beraien gaitasunak erakutsi dituzte hainbat arlotan, besteak beste fabrikazio industrial aurreratua, manufaktura-ekipamenduen garapena, urruneko ikuskapena, fabrikazio aurreratua, 4.0 Industry teknologiak, diseinu mekaniko eta egitura-fidagarritasuna, efizientzia operatiboa, salmenta ondorengo zerbitzu aurreratuak, metrologia, robotika kolaboratiboa, fabrikazio gehigarriduna eta industria-mantentzea. Horien eta abangoardiako beste gaitasun batzuen bitartez, zentroek teknologiak garatzen dituzte, sektore desberdinetako enpresei ahalbidetuz Industria-Iraultza bezala ezagutzen denaren eskutik datozen aukera berriak baliatzea, beraien produktuak eta fabrikazio prozesuak hobetuz.
Honakoak dira zentroetako bakoitzak elkarrekin jarri duten standean aurkeztuko dituzten garapen nagusiak:
IK4-IDEKO
Elgoibarko zentroak moteltze aktiboko DAS sistema erakusten du, makina-erremintako Soraluce euskal ekoizlearekin elkarlanean garatu dutena. Garapen horrek “Quality Innovation of the Year 2015” saria jaso du —urtero Finlandiako Kalitatearen Elkarteak banatzen duena— enpresa handien alorrean.
Gainera, doitasun handiko erreminta bat aurkezten du, ahalbidetzen duena geometria libreko osagarriak fabrikatzea tornu industrialetan, aeronautika edo automobilgintzako sektoreetarako. Garapenak Fast Tool Servo du izena, eta eragingailu azkar bat da aukera ematen duena forma ez axisimetrikoak sortzeko orain arte biraketa bidez piezak fabrikatzera mugatuta zeuden tornu industrialetan.
IK4-IDEKOk, halaber, erakusten du trenen gurpilak neurtzeko sistema aurreratu bat Danobat enpresarekin batera garatu duena. Ahalbidetzen du mantentze-lanak programatzea, higadura aurreikustea eta mekanizazio-lanak optimizatzea. Garapen horrek, Euskotrenek Gernikan dituen instalazioetan martxan dagoena, laser triangulazioko teknikak eta algoritmiako oinarriak erabiltzen ditu datuak jaso eta prozesatzeko. Ondoren, horiek erabilita gurpilen profilak berreraiki daitezke.
Azkenik, IK4-IDEKOk bere garapenen beste adibide bat erakusten du 4.0 arloan. Biurtekoaren standetik denbora errealean monitorizatzen ari dira zentroaren instalazioetan (Elgoibarren) dagoen makina bat, eta era jarraituan ikusi daitezke makinaren egoera eta fabrikazio-prozesuaren gaineko datuak. Sistema hori Savvy eta Danobat Group-ekin batera garatu dute, makinaren egoera ezagutu eta prozesua optimizatzea edo balizko akatsei aurre hartzea ahalbidetzen duena, tabletak edo telefonoak erabiliz.
IK4-IKERLAN
Bere aldetik, Arrasate-Mondragoeko zentroak BIEMHen erakusten ditu enpresen eraldaketa digitala azkartzeko dituen gaitasunak, lau erakusleren bitartez. Horietako lehenak ordezkatzen du urruneko-ikuskapenaren balio-kate osoan egiten duen ekarpena, eskalan egindako garraio bertikaleko instalazio baten saiakuntza-banku baten bidez. Bertan egiaztatu daiteke nola sentsore fisikoen eta instalazioaren ereduaren bitartez birtualki neurtzen diren makina baten parametroak, zeinak berebiziko informazioa eskaintzen duten bere egoeraren inguruan. Horretaz gain, ikusi daiteke nola bidaltzen diren neurri horiek M2M nodo baten bidez datu-zentro batera, non aztertu ahal izango diren egoera desberdinak, hala nola jarduera, osasun, energia-efizientzia, errendimendu mekanikoa, etab…
Bigarren erakusleak, oso lotuta dagoena fabrikazio aurreratuko eta Industry 4.0 teknologiekin, kasu oso zehatza erakusten du, Fagor Arrasaterekin batera garatu dena prentsa-lerroen urruneko-ikuskapenerako. Makinaren parametro garrantzitsuenei jarraipena egiteko aukera ematen du, ekoizpenaren kalitatea bermatu eta egin beharreko mantentze-lanen gaineko erabakiak hartzeko informazio baliagarria eskainiz.
Hirugarren erakuslearekin, zentroak wireless sentsoreen garapenean duen gaitasuna erakusten du, ahalbidetzen duena osagarri eta produktuei eranstea gaitasun sentsorea eta komunikaziokoa. Adibidez, ikusi daitezke Laulagunentzat egindako errodamendu inteligente bat, Urolarentzat garatutako sentsorizazio-gailuak PET botilen termo-puzte prozesurako, edo ingurune industrialekin informazioa era sinkronizatuan eta haririk gabe komunikatzeko gai diren soluzioak. Azkenik, IK4-IKERLANek bere gaitasuna erakusten du eremu desberdinetan, hala nola HIL simulazioa (hardware in the loop), efizientzia operatiboa eta salmenta ondorego zerbitzu aurreratuak.
IK4-TEKNIKER
Eibarko zentroak bost erakusleren bitartez erakusten du bere teknologia-eskaintza. Horietako lehena metrologiara zuzendua dago eta zentroko ikertzaileek garatutako prototipo bat erakusten da, laser interferometrian oinarrituz tamaina handiko Koordenadak Neurtzeko Makinak (KNM) kalibratzeko balio duena.
Robotika kolaboratiboaren arloan, osagarrien kit bat erakusten du erabiltzaile bakoitzaren neurrira robot bat muntatzeko. Eskaintzen dituen funtzionaltasun batzuk bistaratzeko, robot bat erabiltzen ari dira, bisitariari ahalbidetuko diona gailuarekin elkar eragitea keinuen zein kontaktu fisikoaren bitartez.
Fabrikazio gehigarridunean dituen gaitasunak erakusteko, bost pieza aurkezten ditu, besteen artean aeronautika eta plastikoen estrusioaren sektoreetan aplikazio desberdinak dituztenak. Laser bidez substratu baten gainazalean txertatutako hauts metalikoaren fusioan oinarritzen den Laser Metal Deposition (LMD) teknikaren bidez egindako piezak dira, estaldura eta egiturak sortzeko. Teknika horrek osagarriak sendotu, tresnak konpondu edo pieza eta egitura metalikoak fabrikatzeko balio du.
Azkenik, industria-mantentzearen arloan, IK4-TEKNIKER-ek ULMA Orga Jasotzaileak enpresaren jasotze-ekipamenduetarako diseinatu duen aplikazio bat erakusten du. Orgaren osagai desberdinak eta beraien erabilera monitorizatzen dituen sistema bat da; kolpeen, tenperaturaren eta orgen erabileraren datuak jasotzen ditu, bere osasun-egoera ezagutzeko helburuz. Gainera, gai da urruneko informazio hori bidaltzeko informazioaren ustiapenerako diseinatutako plataforma batera. Bertatik aztertu ahal izango dira datuok eta parametro desberdinak identifikatu, besteak beste makinen egoera, beraien errendimendua, energia-gastua eta antzekoak.
Halaber, IK4-TEKNIKER-ek bere standean erakusten ditu kriogenia-mekanizazioan egin dituen aurrerapenak.