Teknikerrek helburu anitzeko plataforma robotiko bat garatuko du errepideetako mantentze-lanetarako
Plataformak errepideetako mantentze-lanetan giltzarriak diren lanak egingo ditu; hala nola, seinaleztapena jarriko du, edo zoladurako arrakalak zigilatu.
Teknikerrek helburu anitzeko plataforma robotiko modular bat diseinatu eta garatuko du, errepideetako mantentze-lanetan giltzarriak diren lanak egin ditzan. Hala nola, segurtasun-hesiak eta seinaleak aldatu eta jarriko ditu, konoak jarri eta kenduko ditu, seinaleztapeneko eta argiztapeneko elementuak garbituko ditu, marka horizontalak kenduko ditu, eta zoladurako arrakalak zigilatuko ditu.
Plataforma robotikoa Europako Omicron proiektuaren esparruan garatuko da, non zazpi herrialdetako 16 partner-ek hartzen baitute parte, sektoreko enpresen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen artean. Europako bideen sare orokorra berritu dadin sustatzea da helburua.
Teknikerrek diseinatuko duen plataforma robotikoak gai izan beharko du, robota erraz birkonfiguratuta, aurreikusita dauden ekintzak egiteko, lan bakoitzerako soluzio espezifikoak garatu ordez, azken aukera hori oso garestia izango litzatekeelako.
Deep learning-eko ereduak
Aplikatuko den teknologiaren barruan, besteren artean, automatizazioa eta erabakiak hartzeko ahala egongo dira, operazioetan denbora errealeko informazioa eman dezan, eta deep learning-eko ereduak sortuko dira, robotak hainbat elementu identifikatu eta egokitzen diren lanak egin ahal izan ditzan.
Zentro teknologikoak, halaber, laserraren erabilera baliozkotuko du, bai galtzadako margoa kentzeko, bai, ibilgailuak labaindu ez daitezen, gainazalari testura espezifiko bat emateko.
Errepideetako mantentze-lanetara robotak sartzeak bat egiten du Omicron proiektuarekin, lan horietan aritzen direnen segurtasun-mailak hobetzea baitu helburu.