Teknikerrek presentzia nabarmena izango du Espainiako Metrologia Biltzarrean
Zentro teknologikoak Espainiako Metrologia Biltzarraren zazpigarren edizioaren antolaketa eta zientzia-batzordean parte hartuko du. Biltzarra Avilan izango da irailaren 27tik 29ra, formatu hibridoan.
Tekniker zentro teknologikoak presentzia nabarmena izango du Espainiako Metrologia Biltzarraren 7. edizioan, Estatuko metrologiako eta bere aplikazio industrialetako aditu zientifiko handienen artean kokatuz.
Zehazki, Tekniker metrologian espezializatutako foro nazionaleko antolaketa- eta zientzia-batzordeko kide izango da beste behin ere, baita industria-ekipoen neurketarekin lotutako aurrerapen eta berrikuntza teknologiko guztietan ere, zentro teknologikoak esperientzia eta ezagutza zabala baitu horietan.
Foroaren zazpigarren edizioa datorren irailaren 27, 28 eta 29an egingo da Avilan, formatu hibridoan, presentzialtasuna saio birtualekin konbinatuz. Biltzarra eragile zientifiko eta enpresarialen topagune izango da, hala nola CSIC edo Iberdrola, eta mahai gainean jarriko dituzte digitalizazioaren eta metrologiako jasangarritasunaren arloko berrikuntza nagusiak, osasungintzaren, energiaren edo hirigintzaren sektoreen etorkizuna markatuko dutenak.
"Metrologiaren erronka nagusia neurketa fidagarri eta trazagarrien bidez, garapen zientifiko eta teknologiko jasangarriari, eta, ondorioz, gizartearen garapen eta ongizateari erantzuten saiatzea da", azpimarratu du Antonio Gutierrezek, Teknikerreko Metrologia Laborategiko zuzendari eta biltzarraren Batzorde Antolatzaileko kideak.
Tekniker biltzar honi lotuta egon da 1997an lehen aldiz egin zenetik. Lehenik hizlari gisa eta laugarren ediziotik aurrera, 2009an, baita batzorde antolatzaileko kide gisa ere.
Unai Mutilba, Teknikerreko ikertzailea, edizio honetako batzorde zientifikoko kide izango da, zentro teknologikoaren metrologia inguruko know how-a foroan egongo diren parte-hartzaile eta adituekin partekatzeko.
Gainera, aurten "Metrologia digitalizazioaren eta jasangarritasunaren aroan" izenburupean egingo den ekitaldian, Antonio Gutierrezek izango du irailaren 29an "Metrologia industriaren eta herritarren babesaren zerbitzura" arloan egingo den saio bat moderatzeko ardura.
Teknikerreko Metrologia Laborategiko zuzendariak zehaztu duenez, "industriaren zerbitzura dagoen metrologiaren arloko bost txosten izango dira, eta horietan mikroskopia tridimentsionalarekin, tomogafiarekin edo fotogrametriarekin lotutako gaiak jorratuko dira".
Espainiako Metrologia Batzordeari buruz
Espainiako Metrologia Zentroak, Gaztela eta Leongo Juntarekin lankidetzan, Espainiako 7. Metrologia Biltzarra sustatuko du. Edizio honetan 90 txosten, 5 mahai-inguru eta 3 osoko bilkura izango dira. Helburua topaguneak sortzea da, erakunde, industria, unibertsitate eta administrazioetako adituen artean, neurketa-tekniketan izandako azken garapenak eta metrologian txertatutako teknologia berriak bateratzeko, egungo araudi metrologikoetan edo garatzen ari direnetan.
Beste berrikuntza batzuen artean, edizio honek soluzio-erakusleiho gisa balioko du, hala nola sentsore adimendunak, teknologia kuantikoak, fotonika, big data edo zibersegurtasuna eta metrologia-zerbitzuak iraultzeko dituzten aukerak.