Esperimentu tribologikoen emaitzak digitalizatzeko metodo estandarizatua
Teknikerrek Europako funtsek babestutako proiektu batean lagundu du, industria-informazioa kudeatzeko ikuspegi koherente bat ezartzeko helburuarekin.
Teknikerrek hiru urtez hartu du parte Europako OntoCommons proiektuan, manufaktura-industrian eta materialen zientzian datuak normalizatzeko eta digitalizatzeko metodo estandarizatua ezartzeko helburuarekin.
Horretarako, ontologia- eta tresna-multzo bat (OCES) garatu da, normalizazio-jarraibide espezifikoekin bat etorriz. Datuak FAIR (Findable, Accessible, Interoperable and Reusable) bihurtzen dituzte. OCESek mekanismoak jarriko ditu martxan materialen eta fabrikazioaren sektoreetan elkarreragingarritasuna bermatzeko, bai domeinuaren barruan, bai domeinu artean.
Proiektu horren barruan, Tekniker tribologiari loturiko kasu baten buru izan da. Pieza mota desberdinetan marruskadurak eragindako ondorio negatiboak arintzeko soluzioak garatu nahi dituen zientzia da tribologia. Datuetan oinarrituta, materialen portaeraren karakterizazio tribologikoa egiteko aukera ematea izan da helburua. Horretarako, beharrezkoa izan da irudikapen komun bat adostea esperimentu tribologikoen konfigurazioa eta emaitzak deskribatzeko.
Teknikerrek, teknologia semantikoen aplikazioaren bidez, esperimentu tribologikoen datuak formalki eta zalantzarik gabe eskuratzeko eta irudikatzeko modu uniforme bat ezartzea lortu du eta, horrela, behar diren saiakuntzen kopurua murriztea, denbora aurreztuz eta kostuak murriztuz.
Europar Batasunaren Horizonte 2020 programak finantzatutako OntoCommons proiektuaren emaitzak aurkeztuko dira gaur, osteguna, azaroak 9, Euskadiren Bruselako Ordezkaritzan. Proiektu horrek, datuen kudeaketarako arau-multzo bat sortzeko interesa duten Europako industriako eragileek osatutako partzuergoa izan du.
Datuen kudeaketarako ituna
Proiektuak, bestalde, KGA (International Semantic and FAIR Knowledge Graph Alliance) elkartea sortzea ere ekarriko du.
Teknikerren parte-hartze aktiboa ere izango duen itun hori OntoCommons ekimenaren hedapen gisa sortu da, eta industria-inguruneetan datuak normalizatzeko eta digitalizatzeko prozesua kudeatzea izango du helburu, efizientzia eta lankidetza sustatuz.