Ingurumen-inpaktu txikiagoko lubrifikatzaile solidoetan oinarritutako prestazio handiko estaldura berriak SEO title
Tekniker parte hartzen ari da Azolgas eta Shuton enpresen osagaietan lubrifikatzaile likidoaren ordez lubrifikatzaile solidoetan oinarritutako estaldurak erabiltzeko ikerketa-proiektu batean.
Tekniker parte hartzen ari da lubrifikatzaile solido supergogorretan oinarritutako estaldura-mota berri bat garatzea xede duen Europako Lubricoat industria-proiektuan. Estaldura horiek Azolgas eta Shuton enpresen osagai industrialen errendimendua hobetu eta ingurumenerako kaltegarriak diren lubrifikatzaile likidoak erabiltzea saihestuko dute.
Estaldura berri horiek Azolgas proiektuaren liderrak fabrikatutako nitrogeno-gasezko malgukietan eta Shutonen doitasun handiko torloju boladunetan aplikatuko dira.
Pragako Txekiar Unibertsitate Teknikoa eta Fraunhofer IWS institutua arduratuko dira estaldurak garatu eta aplikatzeaz, eta Teknikerrek, bestalde, marruskaduraren, higaduraren eta korrosioaren ikuspegitik eskaintzen duten errendimendua aztertuko du Eibarko laborategietan, eta balidatu egingo ditu.
Abiadura handiagoak lortzea
Azolgasek fabrikatutako gas-malgukiak txapa estanpatzeko erabiltzen dira automozio-sektorean. Azken urteotan, enpresak hobekuntzak egin ditu malgukien barruan sortutako beroa murrizteko, sektoreak planteatzen dituen produkzio-abiadura eta -kadentzia eskaerei erantzuteko.
Alde horretatik, olio edo koipeen ordez lubrifikazio solidoa erabiltzea “soluzio berritzailea da, produktuaren bizitza osoan egungoak baino lan-abiadura eta -erritmo handiagoak lortzea ahalbidetuko lukeena”, azaldu du Elena Fuentes Teknikerreko ikertzaileak.
Bestalde, Shuton aditua da doitasun handiko torloju boladunen diseinuan eta fabrikazioan. Estaldura solidoen mota berri horren helburua torlojuen bizitza luzatzea eta mantentze-lanak murriztea da.
Gainera, lubrifikatzaile likidoak ezabatzeak aukera emango lioke Shutoni bere merkatua ingurune garbiak dituzten sektoreetara zabaltzeko, hala nola Elikadura edo Farmazia sektoreetara zabaltzeko, haiek erabiltzea debekatuta baitago.
Laborategiko probak eta azken erabiltzailea
Ikuspuntu teknikotik, Lubricoat proiektuaren helburua lubrifikatzaile solidoetan oinarritutako estaldura supergogorrak garatzea da, molibdeno disulfuroa karbonoarekin (MoS2-C) konbinatuz, eta jalkitzeko bi metodo berri aplikatuz industria-arloan garatzeko.
Estaldura optimizatuak laborategian nahiz azken erabiltzaile diren enpresek sustatutako landa-probetan probatuko dira.
Gas-malgukien kasuan, Teknikerrek behar diren saiakuntzak egingo ditu portaera tribologiko onena eskaintzen duten gainazal-tratamenduak identifikatzeko, ukipenean tenperatura txikiagoa eta marruskadura eta higadura txikiagoa sortuko dutenak.
Shutonen kasuan, estaldurak azkoinetan, torlojuetan eta/edo boletan aplikatuko dira. Teknikerrek neurrira egindako konfigurazio tribologiko berri bat ere diseinatu du, balidatzeko.
Horrez gain, zentro teknologikoak estaldura berrien korrosioarekiko erresistentzia ebaluatuko du, gatz-lainoko ganberan korrosio elektrokimikoko eta zahartze azeleratuko saiakuntzak eginez.
"Proiektuaren arrakastak lubrifikazio-teknologia garbiagoa eta ekologikoagoa sartzea ahalbidetuko du. Gainera, bi enpresen osagaiak hobetzeko aukera handia da, balio erantsi handiko produktu bihurtzeko eta merkatu zorrotzagoak lortzeko", azaldu du Teknikerreko ikertzaileak.
Hazitek Deialdiaren barruan eskualdeko eta Europako enpresen lehiakortasuna hobetzeko M-ERA.NET zigilua duen ikerketa- eta garapen-proiektua da Lubricoat. Aipatutako erakundeez gain, Dresdeko Unibertsitate Teknikoak (TUD) eta Adva Mat eta Theergarten-Pactec enpresek ere parte hartzen dute proiektu honetan.