Estanpazio-trokelen gainazala modu selektiboan laser bidez gogortzea
Estanpazio-trokelen gainazala modu selektiboan laser bidez gogortzeko prozesua ezartzen du IK4-TEKNIKERek, higadurarekiko erresistentzia areagotzeko.
Estanpazio-trokelak funtsezko erremintak dira piezak zehaztasun handiz fabrikatzeko, masiboki egindako osagai bihurtzen baitute lehengaia.
Alabaina, estanpazio-prozesuak karga altuen mende egoten dira, eta trokelen eremu zehatzak higatzen ditu horrek. Ondorioz, ez dituzte piezak behar bezain ondo eta eskatzen diren diseinu-estandarrak betez egiten.
Laser-teknologiaren bidez gogortzea tratamendu termiko bat da, zeina, oro har, altzairuzko piezen eta galdaketa-piezen gainazalean egiten den, horien iraunkortasuna nabarmen areagotze aldera.
Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKERek gainazala modu selektiboan laser bidez gogortzeko prozesua ezarri du, estanpazio-trokelen eremu zehatzen higadurarekiko erresistentzia indartzeko.
Gelaxka robotizatu batean egin da prozesua. Bada, gogortze-sisteman, laserraren potentzia eta tenperatura kontrolatu dira, eta, horrela, materialaren gainazalak tenperatura berberari eutsi ahal izan dio tratamendu osoan.
Piezaren gainean egindako prozesuaren emaitzak honako hauek izan dira: modu selektiboan gogortu dira trokelaren eremu kritikoak, ekoizpeneko higadurarekiko erresistentzia areagotzeko; tratatutako eremua ez da ia batere deformatu, eta gogortutako geruzaren sakonera 1,5 mm-koa izan da.
IK4-TEKNIKERen Laser for Manufacturing Lab-en eskaintzan kokatzen da prozesua.