ETEentzako robotika: proiektuak aurkezteko bigarren deialdia irekita
ESMERA proiektuaren partzuergoak, IK4-TEKNIKER-en parte-hartzea ere baduena, bigarren deialdia ireki du Europako ETEekin robotikako proiektu berritzaileak hautatzeko.
Robotikaren arloan Europako enpresa txiki eta ertainen (ETEen) ahalmen berritzailea sustatzeko xedearekin, ESMERA proiektua (European SMEs Robotics Applications) osatzen duten enpresen partzuergoak, horien artean IK4-TEKNIKER-ek, ETEei zuzendutako bigarren deialdia ireki du, ikerketa eta saiakuntza proiektu txikien proposamenak aurkeztu ditzaten.
Horrela, partzuergoak robotika teknologiak garatzen edo erabiltzen dituzten ETEak animatzen ditu teknologia berriak proposatzera eta erabiltzera, arazo errealei heltzeko eta merkatuko sektoreek eskatzen dutenari erantzuteko.
Deialdiaren zehaztapenak
- Lantaldeen antolakuntza
ETEek banaka zein partzuergo txikietan antolatuta aurkeztu ahal dute proiektua edo saiakuntza. Bigarren kasu horretan, I+G-ko organismoak edo bere gaitasuna osatzen duten beste enpresa batzuk (ez dira ETEak izan behar derrigorrean) bildu ditzakete. Bi kasuetan ere, erronka bakoitzeko irabazleei 200.000 euro arteko finantzaketa emango zaie.
- Aplikazio-eremuak
Bigarren deialdi honetarako, industriako erronka erreal definitu dira zortzi sektoreetan, robotikako soluzio berritzaileak eskatzen dituztenak.
Erronkak, energia, fabrikazioa, eraikuntza, nekazaritza, elikadura, merkataritza, osasuna eta larrialdien sektorekoak, berritzeko aukeren arabera hautatu dira; horrela, ETEek askatasun osoz bilatu ditzakete soluzio berriak.
- Hautaketa-prozesua
Soluzioa bi fasetan garatuko da, eta bakoitzak bederatzi hilabete iraungo ditu:
Pertsona aditu eta independenteek aztertu eta ebaluatuko dituzte lehengo faserako jasotzen diren proposamen guztiak, eta horien artean hogei proiektu hautatuko dituzte, hiru irizpideren arabera: “bikaintasun teknikoa”, “inpaktua” eta “proposatutako lan-plangintza”. Bakoitzak 75.000 euro jasoko ditu gehienez proiektua egiteko.
Lehenengo fasea amaitutakoan, hamar proiektu onenak hautatuko dira. Bada, hamar horiek bigarren fasera igaroko dira, eta laguntza osagarria jasoko dute, bai proposatutako soluzio teknologikoaren garapen industriala egiteko, bai negozio-plana prestatzeko. Bakoitzak beste 125.000 euro jasoko ditu gehienez, bigarren faseari ekiteko.
- ESMERA taldearen eginkizuna
Alde batetik, robotikan espezializatutako lau zentrok, ESMERA partzuergokoak, ETEen eskura jarriko dituzte beren ezagutza, ekipamendua eta saiakuntzak egiteko baliabideak, ikerketa industriaren beharretara hurbiltzeko:
- Laboratory for Manufacturing Systems and Automation (LMS), Patrasko Unibertsitatea
- Commissarat à l´Énergie Atomique et aux Énergies Alternatives (CEA)
- Technische Universität München (TUM)
- IK4-TEKNIKER
Bestetik, hiru enpresek, hauek ere ESMERA partzuergokoak, eginkizun erraztailea izango dute, izan ere, ETEei lagunduko diete negozio-eredua garatzen eta “ideia merkatura eramaten”.
- Blue Ocean Robotics
- COMAU
- R.U. Robots
- Epeak eta proposamenen bidalketa
ETEek deialdi askean bidali ahal dituzte beren proposamenak, ESMERA proiektuaren webgunearen bidez, 2019ko abenduaren 2 arte.
Deialdiaren baldintza zehaztuak kontsulta daitezke hemen:
Proposamenak aurkezteko, derrigorrezkoak dira hemen deskribatzen diren txantiloia eta prozesua.