Euskaditik doitasunezko metrologia industriala bultzatzeko aliantza teknologikoa
ZEISS enpresa alemaniarrak eta Tekniker zentro teknologikoak ZEISS Quality Excellence Center inauguratu dute gaur goizean Eibarren. Teknikerreko Metrologia laborategian kokatuta, gune berriak neurketa, kalibrazio eta kalitatearen kontrolerako zerbitzu aurreratuak eskainiko ditu, zero akatseko produkziorako trantsizioa errazteko.

ZEISS enpresa alemaniarrak, metrologia multidimentsionaleko soluzioetan liderrak, eta Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, ZEISS Quality Excellence Center (QEC) aurkeztu dute gaur goizean Eibarren (Gipuzkoa). Gune berri horrek zerbitzu aurreratuak eskainiko dizkio industria-sareari neurketan, kalibrazioan, teknologiako aholkularitzan eta produkzio-sistemen kalitate-kontrolean.
Inaugurazio-ekitaldia gaur goizean izan da, Teknikerreko Metrologia dimentsionaleko laborategian. Bertan kokatuko dira neurketa-teknologiak, eta bertan izan dira, besteak beste, Anita Sonnenfroh, ZEISS Iberiako zuzendaria; Juven Mollá, IQS Iberiako zuzendaria; Jon Mabe, Teknikerreko Merkatu zuzendaria; eta Gorka Kortaberria, Teknikerreko Metrologia Industrialeko zuzendaria. Egunean zehar, espazio berriaren gaitasunak eta automobilgintza edo aeronautika bezalako sektoreen behar zorrotzenei erantzungo dien ekipamendua aurkeztu dira.
"Teknikerren integratu dugu metrologian dugun azken teknologia, gure ekipo aurreratuenak barne, prozesu industrialetan ahalik eta zehaztasun eta fidagarritasun handiena bermatzeko. Neurketan dugun esperientzia eta Teknikerren espezializazio teknologikoa uztartuko ditugu, prozesuaren etapa bakoitzak kalitate-estandar altuenak betetzen dituela ziurtatzeko", nabarmendu du ZEISSeko Juven Mollák.
Neurketa industrialen zientzian oinarritutako espazio berriak ZEISSen azken belaunaldiko lau ekipo ditu, geometria libreetan, material berezietan eta doitasun handiko piezetan neurketa konplexuak egiteko gaitasun eta teknika desberdinak dituztenak. Gainera, bi aldeen arteko eta hirugarrenentzako prestakuntza sustatuko da, teknologiak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko eta ahalik eta etekin handiena lortzeko.
"Lankidetza honek ZEISSen ekipo eta teknologietara sarbidea ematen digu, gure gaitasunak zabaldu eta neurketa industrialerako irtenbide osoagoak garatu eta ikertu ahal izateko", adierazi du bere aldetik Teknikerreko Gorka Kortaberriak.
Horrela, ZEISSek eta Teknikerrek berrikuntza teknologikoarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duten konpromisoa indartzen du guneak, ekoizpen-prozesu zehatzagoak bultzatuz eta zero akatseko fabrikaziorako trantsizioa bultzatuz.