Euskal enpresak I+G+Baren alde egin duen apustuak 21,4 M€-an mantendu ditu IK4-TEKNIKERek diru-sarrerak
Euskal zentro teknologikoak "eragile garrantzitsu" bat izan nahi du I+G+Baren euskal sistema berrian, bere emaitzen bermearekin. IK4-TEKNIKERek apustu estrategiko bat egin du enpleguari eustearen alde eta ikerketa-proiektuen bidez, start-upen bidez eta enpresa berrietako partaidetzen bidez teknologia merkatura transferitzearen alde. Bere 34 urteko historian, gero eta protagonismo handiagoa izan du Europan; izan ere, Europako 207 proiektutan parte hartu du, eta haien %20 gidatu ditu, batez beste.
EAEko enpresa-sareak I+G+Baren alde egin duen apustuari esker, IK4-TEKNIKERek 2014an 21,4 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu; zifra hori egonkorra izan da azken urte hauetan, bizi dugun egoera ekonomikoa zaila izan arren. Hain zuzen, euskal zentro teknologikoaren negozio-zifraren erdia baino gehiago, %52, enpresa pribatuarekin zuzenean kontrataturik egindako I+G+Bko jarduerei dagokie.
Azken urteotako egoera ekonomikoa zaila izan arren, IK4-TEKNIKERek enplegua mantentzeko apustu estrategiko bat egin du, eta Eibarko instalazioetan goi-mailako trebakuntzako 273 laguneko lantaldea du.
Halaber, azpimarratzekoa da zentroak duen konpromisoa bere laborategietan garatutako teknologiak merkatura transferitzeko. Duela 34 urte sortu zenetik, 98 patente sortu ditu, 39 familiatakoak, 28 start-up eratu ditu, eta 9 konpainiatan parte hartzen du, kapital-ekarpenak eginez, potentzial handia duten baina oraindik heldu gabe dauden zenbait sektoretan enpresa-proiektuak martxan jartzeko.
Bere garapen teknologiko berritzaileak merkatura helarazteko ahalegin horretan, IK4-TEKNIKERek hainbat lankidetza-formatu garatu ditu enpresekin, transferentzia hori bezero bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko. Gaur egun, zentroak 180 enpresa bezeroko zorroa du.
Diru-sarreren banaketa
Enpresa pribatuko diru-sarrerez gain, %52, hainbat administraziok ikerketari laguntzeko egindako programen lehiaketa-deialdietan parte hartuz osatu du iazko negozio-zifra. Hala, Europar Batasunak sustatutako programa-proiektuak diru-sarreren %27 dira, Eusko Jaurlaritzarenak eta Estatuko Administrazio Orokorrarenak %2.
Bereziki nabarmentzekoa da IK4-TEKNIKERek gero eta presentzia handiagoa duela ikerketaren Europako alorrean, non partaidetza handia izan duen VI. eta VII. esparru-programetan, baita Horizonte 2020 hasi berrian ere. Guztira, euskal zentroak Europako 207 proiektutan parte hartu du, eta %20 proiekturen buru izan da.
IK4-TEKNIKERen emaitzen aurkezpenak garrantzi berezia du gaur egungo egoeran, non Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sistema berrantolatzen ari den Eusko Jaurlaritzak sustatuta.
Testuinguru horretan, Eibarko zentroak bere egiten du erronka, eta egoera berri honetako erreferentzia-eragileetako baten modura ageri da.
“IK4-TEKNIKERen ere apustu egiten dugu etorkizun hurbil batean I+G+Ba neurgarriagoa izan dadin eta errentagarriagoa, bai enpresentzat, bai herriarentzat oro har. Hori horrela, eragile garrantzitsu bat izan nahi dugu, gure emaitzek lagunduta, bai ikerketa propioan, bai ezagutza enpresari transferitzean", adierazi du Itziar Cenoz zentroko marketin-zuzendariak. Eta azpimarratu du IK4-TEKNIKEReko profesionalek konpromiso etengabea dutela "hobetzen jarraitzeko", bezero bakoitzari soluzio teknologikorik onena eskaintzeko gai izan daitezen.