´Eye tracker´ gailua, elementuak ukitu gabe kontrolatzeko

Data 13-04-2021 Tekniker

Tekniker zentro teknologikoak ´eye-tracking´ erako gailu berritzaile baten elektronika eta mekanika osoa diseinatu du.

 

Posible al da egunerokotasuneko zenbait jarduera (hala nola, pantaila batean aukera bat hautatzea, igogailuari deitzea edo kutxazain batetik dirua ateratzea) begi-keinu soil batekin egitea? Aurrerapen digitalek ez daukate mugarik, eta askotariko gailuekin elkarreraginean aritzeko modua azkar ari da aldatzen. Horren erakusgarria dira ´eye tracker´ sistemak, eta horietako bat da Hiru. Plataforma anitzeko gailu teknologiko hori sekulako aliatua izan daiteke, eta ez gaixotasunen batengatik (hala nola, alboko esklerosi amiotrofikoaren ondorioz) mugikortasun murriztua dutenena bakarrik, baita edonorena ere, gaur egun, adibidez, infekzio-iturri izan daitekeelako Covid-19arekin kontaktuan egon den gainazal bat ukitzea.

Halaber, etorkizunera begira, besteak beste garraio autonomoranzko eta horren automatizazioranzko bidean beste urrats bat ematen laguntzeko tresnatzat jotzen da teknologia hori.

2021eko urtarriletik salgai

Irisbond euskal start-up-ak 2021ean atera zuen gailua merkatura, eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea den Tekniker zentro teknologiaren laguntza espezializatua izan du, produktuaren elektronika eta mekanika garatzeko orduan; produktua USB bidez konektatzen da beste gailu batzuekin (esaterako, tabletekin edo PCekin).

Horri begira, Teknikerrek, produktu elektronikoak garatzeko eremuan eskarmentu handia duenez, entseguak egiteko tresneria propioa ez ezik, gailuaren diseinu elektronikoa (hardwarea, behe-mailako driver-ak edota sistema eragile propioa garatzeko oinarri-softwarea) ere garatu du, baina baita produktuaren diseinu mekanikoa eta estetika ere.

"Plataforma anitzeko lehenengo ´eye-tracking´ erako gailua merkaturatzeko, argiaren, optikaren eta elektronikaren arloko adituen laguntza behar genuen. Teknikerrengan aurkitu dugu Irisbonden ezagutza osatzeko eta oso proiektu aurreratua elkarrekin garatzeko partner perfektua. Proiektu horri esker, begiradarekin aritu ahal izango gara edozein sistema-eragiletako gailuekin elkarreraginean", azaldu du Eduardo Jaureguik, Irisbonden sortzaileetako bat eta CEOa denak.

Bada, gailu elektroniko horrek kontsumo baxuko mikroa, DDR4 memoria, LED argiztapen-sistema infragorria eta azken belaunaldiko CMOS sentsorea dauzka, eta irudiak azkar hartu zein prozesatzea ahalbidetzen dio horrek, irudiok USB bidez PC edo tablet batera bidaltzeko.

Garapenean, integrazioa ere faktore giltzarrietako bat izan da. Zentzu horretan, Teknikerreko Diseinu, Fabrikazio eta Muntaketa Atalak ahalegin handia egin behar izan du gailu elektronikoari ezarritako betekizun guztiak beteko dituen diseinu erresistente, moderno, trinko eta ikusgarri bat lortzeko. "Ez da ahaztu behar ekipoaren erabilera potentzialetako bat tablet baten ondoan jartzea dela, tableta bera kontrolatu ahal izateko. Elementu eramangarria denez, neurria bereziki kritikoa da", zehaztu dute zentro teknologikoko iturriek.

Lanaren emaitza honako hau izan da: azken belaunaldiko ´eye-tracker´ bat, barne-prozesaketa, bereizmen handia, kontsumo eta tamaina txikia, fabrikazio-kostu baxuagoa eta irudiak hartzeko abiadura handia dauzkana. Gainera, badu abantaila lehiakorrik ere, tablet eta smartphoneetako sistema-eragileen hiru plataforma handiekin erabil daitekeen bakarra baita: Microsoft (Windows), Apple (iOS) eta Android.

Ziurtapen-prozesu zorrotza

Merkatura sartu eta Europan nahiz Estatu Batuetan merkaturatzeko, Teknikerren eta Irisbonden arteko lankidetzaren harira sortutako produktuak ziurtapen-prozesu zorrotz eta konplexua gainditu du, CE eta FCC markaketei dagokienez. Urtebetean baino gutxiagoan, mundu osoan sal daitekeen produktu bat garatu, probatu, ziurtatu eta industrializatu da.

"Merkaturatu nahi den gailu orok arau aplikagarriek ezartzen dituzten gutxieneko betekizunak bete behar dituzte. Hiru bezalako gailu elektronikoen kasuan, funtsezkoa da bateragarritasun elektromagnetikoko entsegu jakin batzuk gainditzea (EMC) eta segurtasun elektrikoaren zein erabilera-segurtasunaren inguruko baldintza zehatz batzuk egiaztatzea", adierazi dute zentro teknologikokoek.

Zentro teknologikoak produktu elektroniko mota horietan eta ziurtapen-prozesuetan duen eskarmentua ezinbestekoa izan da. Gainera, Teknikerrek entsegu-tresneria propioa dauka, eta soluzioak barne-mailan baliozkotzea ahalbidetzen dio horrek.

"Teknikerrk metodologia espezifikoa jarraitzen du, gailu bat (hardwarea eta softwarea) sortzen den fasetik hasita. Metodologia horrek produktuak ziurtatu eta nazioartekotu ahal izateko eta, kasuaren arabera, CE markaketa, UL egiaztapena, FDA ziurtapena edo GL egiaztapena lortzeko araudiak betetzen ditu", gaineratu dute zentro teknologikokoek.

Soluzio honi esker, edozein gailu begiradarekin kontrolatzeko askatasuna behar duten ekimenak garatu ahalko dituzte enpresek. Are, dagoeneko aplikazio posibleak planteatu dira hainbat sektoretarako; hala nola, automobilgintzarako, neuromarketinerako, smart home deiturikoetarako, robotikarako, osasunerako edo hezkuntzarako.

"Proiektu honekin, eremu askoz ere sakonagoak eta asmo handiagoko proiektuak garatu ahal izateko bidea zabaldu da", baieztatu du Jaureguik.

PDF deskarga