Fabrikazio aeronautikoa automatizatzeko eta digitalizatzeko adimen artifiziala
Tekniker zentro teknologikoak DIGIFORM proiektuan koordinatzen du AA edo sentsorika bultzatzea, industria-ekoizpena hobetzeko eta optimizatzeko.
Ekoizpen-prozesuen eta -baliabideen digitalizazioak, fabrikazio industrialeko inguruneetan gero eta presentzia handiagoa duenak, baliozko informazio ugari sortzen du, simulazio-ereduek eta biki digitalek emandako informazioarekin batera. Informazio horrek aurrerapen teknologiko berriak eskatzen ditu, behar bezala tratatzeko eta datuan oinarritutako ekoizpen jasangarriago, malguago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko.
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Tekniker zentro teknologikoak parte hartzen duen DIGIFORM proiektua 2024an jarri da abian, sektore aeronautikoan osagai metalikoen fabrikazioaren automatizazioa eta digitalizazioa bultzatzeko teknologia gaitzaileak garatzeko helburu nagusiarekin, hala nola Adimen Artifiziala (AA) edo sentsorika.
Zehazki, ekimenak eraginkortasuna, jasangarritasuna eta produktibitatea handitzea du helburu, bai eta txapa eraldatzeko prozesuak doitzeko denborak murriztea ere, azken produktuen kalitate-eskakizun handiak, akaberak edo perdoi geometrikoak errespetatuz.
Erabilera-kasuak
Proiektuan erabiliko diren gaikuntza-teknologiak hiru erabilera-kasutan aplikatuko dira: metalezko piezen soldadura, lixaketa eta leuntzea, eta peen forming.
Alde batetik, txapa meheen soldadura-prozesua kontrolatzeko TIG ("Tungsten Inert Gas") sistema bat integratuko da, deformazioak eta distortsio geometrikoak minimizatzeko.
Bestalde, gaur egun eskuz egiten den pieza metalikoak lixatzea eta leuntzea bezalako prozesu baten automatizazioa lortzeko lan egingo da, AAko tresnen eta teknologia metrologikoen bidez.
Eta, azkenik, peen forming lanetan laguntzeko tresna bat garatuko da, perdigoikada bidezko xafla konformatzea ere esaten zaiona, fabrikazio-prozesuaren urratsak denbora errealean definitzen eta egokitzen lagunduko duena.
"Proiektuak AAko teknologiak zentroan kokatzen ditu, eredu fisiko birtualetatik nahiz benetako fabrikazio-sistemetatik datozen datuetan oinarritutako ereduak garatzeko, monitorizazioaren eta ikuskapenaren bidez. Eredu horiek prozesuak egokitzeko eta optimizatzeko eta eredu fisikoak hobetzeko erabiliko dira", azaldu du Oscar Gonzalo Teknikerreko ikertzaileak.
Teknikerren kasuan, proiektuan egiten duen ikerketa-lana sistema robotikoen biki digitalak garatzean oinarrituko da, haien zehaztasuna hobetzeko, hiru prozesuetarako elementu sentsorizatuak diseinatzean, bai eta monitorizazioko datuak atzitzean eta aztertzean ere, prozesu horietan erabakiak hartzen laguntzen duten AAko ereduak garatzeko. Lan horren emaitza prozesuak kontrolatzeko eta optimizatzeko hainbat algoritmo izango dira, proiektuan garatutako prozesuen fabrikazio-gelaxka robotizatuetan erabiliko direnak.
CDTIren TRANSMISIONES programak eta Espainiako Ikerketa Agentziak finantzatutako DIGIFORM ekimenak iraungo duen hiru urteetan espero diren emaitza guztiak neurtu eta baliozkotuko dira Aernnova taldeko Intec Air eta Aerometallic Tarazona enpresen gidaritzapean. Garapen teknologikoetan, berriz, MEK&BOT, Talleres Alju, Hexagon, Aernnova Engineering Division eta AITIIP Centro Tecnológico izango dira, Teknikerren koordinazioarekin.