Fabrikazio aurreratua sektore aeronautikorako eta automobilgintzarako
Irtenbide teknologiko aurreratua garatzeko asmoa dauka ekimenak, injektatutako aluminiozko piezen fabrikazioan akabera-lanak eta bizar-kentzeak burutzea ahalbidetzeko, automobilgintzarako batez ere.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa buru da fabrikazio aurreratuko europar proiektu batean, eta, horren bidez, puntako teknologietan -robotikan edo ikusmen artifizialean, adibidez- oinarritutako ekipamendua garatu nahi du, injektatutako fundizio-prozesuen bidez egindako piezen akabera ezin hobea lortzeko. Irtenbide integratu lehiakorragoa eskainiko die prototipoak sektore aeronautikoari, sektore elektrikoari, osagai elektronikoei edo automobilgintzari.
DEBUR ekimenean, era berean, IDELT euskal enpresa ere lankidetzan ari da. Prototipoak garatzeko ingeniaritza garatzen du IDELTek, Igorre udalerri bizkaitarrean. Bestalde, robotika-enpresez eta unibertsitatez osatutako partzuergo bat ere parte hartzen ari da. Honako enpresa eta unibertsitate hauek daude partzuergoan, besteak beste: Rurobots (Erresuma Batua) eta Blue Ocean Robotics (Danimarka) enpresak, eta Municheko Unibertsitate Teknikoa (Alemania), Scuola Superiore Sant´Anna de Pisa eskola (Italia), Universitat Politècnica de Catalunya unibertsitatea (Espainia) edo Frantziako Commissariat d´Energie Atomique (CEA).
Neurri handiko piezen fabrikazioan erabiltzen dira injektatutako fundizio-prozesuak, aluminiozko, zinkezko, magnesiozko, berunezko eta kobrezko aleazio arinetatik abiatuta. Konplexutasun eta zehaztasun maila handiko piezak lor daitezke industria-prozedura horren bidez; hala ere, akabera-lanak eta bizar-kentzeak behar ditu nahi ez diren ertz eta bizarrak behar bezala ezabatzeko.
Gauzak horrela, IK4-TEKNIKER da DEBUR proiektu europarreko buru, eta laserrean, robotikan eta ikusmen artifizialean oinarritutako fabrikazio aurreratuko teknologiak hartuko dituen prototipo guztiz funtzionala garatu nahi du.
"Materialak laser bidez prozesatzeko sektorean, robotikaren esparruan eta industria-prozesuen automatizazioan dugun ezagutza zabala eransten diogu proiektuari, malgutasun eta automatizazio-gaitasun handiagoa emango duen irtenbidea diseinatzeko asmoz", ziurtatu du zentro teknologikoan proiektuko koordinatzailea den Carlos Sorianok.
Egun, bizarrak kentzeko prozesuak prentsa hidraulikoak erabiltzen ditu, eta trokel bat fabrikatu behar izaten da fabrikatzen den eredu bakoitzeko. Gainera, piezaren konplexutasunaren, lodieraren eta material motaren eraginez, mozketa zehaztugabea izaten da batzuetan, eta desbideratze geometrikoak eragiten ditu. Ondorioz, ikuskapen eta berrikuste berriak gaineratu behar izaten dira.
"Akabera-lanei irtenbidea emango dien prototipo bakarra sortzea da DEBUR ekimenaren xedea, egun daudenen antzeko denbora-zikloak eta kalitateak, edo are hobeak ere, izan ditzaten", gaineratu du adituak.
IK4-TEKNIKERek dauka laser bidez bizarrak kentzeko prozesuak garatzeko ardura; bai eta piezak manipulatzeko zein bizar-kentzearen ibilbideak zehazteko ikusmen artifizialarekin zerikusia duten alderdiak garatzeko ardura ere. Gainera, fabrikatu beharreko prototipoaren teknologia guztiak integratuko ditu.
Bestalde, IDELT enpresak emango ditu materialak eta osagaiak, prozesuaren errekerimenduak zehaztuko ditu eta prozesua balioztatzeko ardura izango du.
Metalezko fundizio arinak egiten dituzten enpresak dira ekimen honen onuradun nagusiak, sektore aeronautikoa, sektore elektrikoa, osagai elektronikoak edo automobilgintza hornitzen dituzten horiek.
2015eko maiatzean abiarazi zen proiektua, eta 2016ko urrira arte luzatuko da. Bestetik, Europar Batasuneko 7. esparru-programako funtsekin finantzatu da, ECHORD++ proiektuaren bidez.
This project has received funding from the European Union’s Seventh Framework programme under grant agreement nº 601116.