Fabrikazio gehigarriko buru berria plastikozko pieza handietarako
Tekniker zentro teknologikoak plastikozko pieza handien fabrikazio gehigarrirako buru berriaren patentea eskatu du.
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide den Tekniker zentro teknologikoak plastikozko pieza handien fabrikazio gehigarrirako buru berri baten patentea eskatu du. Buru horrek pieza hobetzeko gaitasuna dauka, hari edo filamentu jarraituarekin, eta plastikozko pieza handiak behar dituzten sektore guztietan erabil daiteke: automozioa, aeronautika, trenak eta abar.
Zentzu horretan, tamaina handiko edo geometria konplexuko piezak fabrikatzeko, proiektuak teknologia nahiko berritzailea erabiltzen du fabrikazio gehigarriaren barruan, PFDM (Pellet Fused Deposition Modeling) izenekoa.
Prozesuan erabiltzen den buru anitzeko sistemak bi osagai ditu: batetik, pelletak (material aglomeratuko edo konprimatutako hainbat materialen zati txikiak) dituen plastikozko estrusio-makina, eta bestetik, buru osagarri bat, estruzio-prozesuaren amaieran zuntz jarraitua gehitzeko gai dena.
Lehengaiaren forma da teknologia honen eta FDMren (Fused Deposition Modeling) arteko desberdintasun nagusia, pelletak erabiltzen baitira filamentuaren ordez, fabrikazioaren kostuak txikitzeko, eta zuntz jarraitua gehitzen baita inprimatu beharreko lokarrian, piezek azkenean propietate mekaniko egokiak izan ditzaten.
Horiek horrela, Tekniker pieza handien fabrikazio gehigarrian espezializatuta dagoenez gero, horrelako plastikozko piezak fabrikatzeko buru berria fabrikatu du. Horrekin, buru funtzional bat lortu nahi du karbono-zuntzez sendotutako pieza handiak fabrikatzeko. Buru hori, zehazki, beso robotiko batean instalatuko da, beraz, 3D inprimagailu bihurtuko da.
Zentro teknologikoko Diseinu, Fabrikazio eta Muntaketa unitateko ikertzaile Iñigo Arizagak azaldu bezala, etorkizunean, buru berri honi esker, “enpresek plastikozko tamaina handiko piezak egin ahal izango dituzte, propietate onekoak eta nahiko azkar”.