Goratuk eta IK4-TEKNIKERek goi-mailako tornu bertikalen lerro berri bat merkaturatu dute
Produktu berriak, Geminis VL izenekoak, aeronautikan eta energiaren sektorean ditu aplikazioak, besteak beste eta munduko makina-erremintaren azoka nagusian, EMOn, aurkeztuko da, Milanen.
Makina-erremintaren fabrikatzaile Goratuk eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak indarrak batu dituzte produktu-lerro berri bat merkaturatzeko. Goi-mailako tornu bertikalen produktu-lerroa da —Geminis VL du izen komertziala—, eta aplikazio ugari ditu hainbat sektore estrategikotan, nazioartean; esaterako, hauetan: aeronautika, gas&oil eta energiaren sektorea.
Produktu berriak teknologia-maila handia du, eta Arroako (Gipuzkoa) punta-puntako instalazioetan fabrikatuko da. Urrian aurkeztuko da ofizialki EMOko 01 pabilioiko B22-C27 standean, Milanen, makina-erremintaren sektoreko munduko azoka nagusian.
Goratuk eta IK4-TEKNIKERek duela zenbait urtetatik lankidetzan dihardute GMTK enpresa-proiektuari lotuta, eta lankidetza horren fruitua da Geminis VL. GMTK enpresak zailtasunak izan ditu bere marka merkatuan sartzeko, eta, orain, berriro merkaturatu nahi du bere bezeroen artean arrakasta handiena izan duen produktuarekin.
Prozesu anitzeko tornu bertikalak dira. Produktu berritzailea eta pertsonalizatua da, prozesuen ingeniaritzako azken aurrerapenak dituena, ekoizpena handitzeko. GMTK-k dagoeneko instalatu ditu horrelako ekipoak. Esaterako, ITPn, motor aeronautikoen EAEko multinazionalean, eta oso balorazio positiboa egin dute.
Punta-puntako produktua
Geminis VL produktuaren oinarrian mekanikazio-prozesuen eta zenbait materialen ebaketa-baldintza optimoen esperientzia eta ezagutza handia daude. Aplikazioen ingeniaritzako know-how hori zurruna eta aldi berean dinamikoa den makinaren konfigurazio batean aplikatu da, non ardatz bakoitza gai den eragintzak eskaintzeko abiatzeko gaitasun handi batekin eta dinamika handi batekin (40 m/min-rainoko abiadura 3,5 m/s-rainoko azelerazioarekin). Dinamikaren eta indarraren artean oreka aurkituz, ekoizpen-hobekuntza handiak lortzen dira, aukera ematen baitu prozesu eta material bakoitzaren ebaketa-baldintzetara egokituta lan egiteko.
Horrez gain, asko murrizten dira hutseko mugimenduen denborak (erreminta- eta osagarri-aldaketak, neurketak, etab.), eta horrek hainbat eta garrantzi handiagoa du mekanizazio-prozesua konplexuagoa eta balio erantsi handiagokoa den neurrian. Egituraren zurruntasunak, gidaketa hidrostatiko optimizatuek eta egonkortasun termikoaren kontrolak doitasun eta fidagarritasun bikainak bermatzen dituzte, mekanizazio konplexuei eta balio erantsi handikoei ekiteko.
Proiektu sendo bat
Produktu hori, beraz, GMTKren etapa berriaren giltzarria izango da, eta IK4-TEKNIKERen eta Goraturen bermea izango du; kide teknologikoa, lehena, eta bazkide industriala, bigarrena. Makina-erremintako enpresak bere banaketa-sare zabalaren bidez banatuko du Geminis VL. Hala, eskaintza osoago bat izango du: tornu horizontalak (Geminis) eta tornu bertikalak (Geminis VL) eskainiko ditu.
Zentro teknologikoak GMTKren alde egin duen apustua, berriz, bere transferentzia-lerroan sartzen da, non bere bezeroetako batzuekin lankidetzan diharduen spin-offak merkaturatzeko. Nazioartean lehiakorrak eta balio erantsi handikoak diren produktuak merkaturatzea da helburua.
Goratuko zuzendari gerente Ainhoa Rementeriaren hitzetan, "Geminis VL tornu bertikalak osagarri ezin hobeak dira gure enpresaren produktu-zorrorako, eskaintza integrala aurkezten” eta adierazi zuen, "uste dut etapa berri honen bidez, berriro merkaturatu ahalko dela merkatuan balio bereizgarri bat ematen duen proiektu sendo hau", adierazi zuen.
Alex Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak, berriz, enpresaren eta zentro teknologikoaren arteko lankidetza balioetsi zuen: "Indarra elkartasunean dago, eta kasu honetan, proiektu berri honek enpresa-ibilbide fidagarri bat eta makina-erremintaren sektorean eta teknologia merkatura transferitzean espezializatutako kide teknologiko bat elkartzen ditu".