Haize-sektorean lehiakortasuna bultzatzeko teknologia igarlea
Haize-parkeetako mantentze-lanen prozesuak optimizatzeko asmoa dauka Mainwind+ proiektuak, eta IK4-TEKNIKERek parte hartzen du bertan.
Haize-sektoreak teknologikoki aurreratuak diren irtenbideak behar ditu, aerosorgailu fidagarri eta efizienteagoak garatzeko eta horiek optimizatzeko; offshore instalazioetan, batez ere. Gauzak horrela, monitorizazio-sistema eta mantentze-lanetarako sistema berriak bilatzen dituzte enpresek, huts egiteko arriskuak murrizteari begira, haizea aprobetxatuz sortzen den energiaren lehiakortasuna sustatzeko horrela.
Norabide horretan aurrera egiteko xedez, Mainwind+ proiektuan ari da parte hartzen IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa, haize-parkeetako mantentze-lanen prozesuak optimizatzeko asmoa baitauka horrek.
2013an Mainwind proiektuarekin abiarazi zen apustuarekin jarraitzea dakar ekimen horrek. Mainwind proiektuan, haize-instalazioetako osagaiak monitorizatzeko eta mantentze-lan igarlea egiteko sistema berri bat diseinatu zen.
2015ean amaitu zen lehenengo fase hori, eta, bertan, monitorizazio-teknologiak garatu ziren; adibidez, lineako sentsoreak, hutsegiteak iragartzeko sistema eta arriskuak ebaluatzeko sistema, haize-parkeen jardunean errendimendua (bai onshore, bai offshore) maximizatzeari eta aerosorgailuen belaunaldi berri baterako osagai fidagarriak ekoizteari zuzendutakoak horiek.
Aurrerapauso kualitatibo garrantzitsua egitea ekarri zuen Mainwind proiektuak; itsas-parkeen ezarpenean, batez ere. Izan ere, horietan, besteren artean, klimak eta kokalekurainoko distantziak baldintzatzen dituzte monitorizazioa eta mantentze-lanak.
Orain, eta iazko uztailean abiarazi zen Mainwind+ proiektuaren esparruan, zeina 2018ko abendura arte luzatuko den, beste urrats bat eman nahi da, eta irtenbide espezifikoak eskaini nahi zaizkie osagaien fidagarritasuna frogatzeko eta kostuak murrizteko xedez erabileran dauden osagaien jokaera denbora errealean ezagutzea eskatzen duten fabrikatzaileei.
Orain arte garatu diren osagaiek sortzen duten informazioaren ahalmen osoa ustiatzea da erronka, eta datu horien sentsorizazio-, komunikazio-, biltegiratze- eta ustiapen-teknologia adimendunak ematea, negozio eolikoaren balio-kate osoan integratuz horiek. Horrela, erabileran dauden piezen jokaera iragartzea, akats-arriskua murriztea eta ordezkoen optimizazio logistikoa ahalbidetuko ditu sistema horrek.
Parkeetako kudeatzaileen ustez, Mainwind+ proiektuan garatu diren teknologien ezarpenari esker %80 murriztu ahalko dira geldialdiengatiko galera energetikoak, %30 jarduera handien maiztasunak eta ikuskapen-orduak.
Mainwind+ proiektua Hazitek programaren barruan garatzen da, eta 6,5 milioiko aurrekontua dauka. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak gidatzen dituen industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuei laguntzen die Hazitek programak, eta Euskadiko enpresek eta zentro teknologikoek hartzen dute parte bertan.