Haize-sektorerako mekanizazio-irtenbideak
75 metro arteko aerosorgailu-palak zehaztasun handiz mekanizatzeko denbora murrizten duen makina diseinatu eta garatu dute JATORMANek eta IK4-TEKNIKERek.
Eskakizun- eta dinamismo-maila altuak ezaugarritzen du haize-sektorea. Susperraldian dauden garapen teknologikoen helburua da fabrikazio-kostuak murriztea eta aerosorgailuen bizitza baliagarria luzatzea.
Potentzia handiagoa duten aerosorgailuak garatzeko premia sortu du joera horrek, energia-bilketa areagotzeari begira; are, haize-abiadura ertain edo baxuak dauzkaten eremuetan.
Alabaina, aerosorgailuen potentzia areagotzeak dorre altuagoetarantz eta pala handiagoetarantz aurrera egitea eskatzen du.
Merkatuko eskari horri erantzunez, haize-aerosorgailuen muntaketa-lineetan irtenbide automatizatuak ezartzea bilatzen dute enpresek, eta arreta berezia jartzen diote neurri handiagoko palen ekoizpenari.
Hala ere, kontuan hartu behar da tamaina handiko palek (60 metrotik gorako luzera eta 4 metro arteko barne-diametroa dituztenek) zaildu egiten dutela horiek manipulatzea eta zehaztasunez fabrikatzea.
Erronka horri aurre egiteko, JATORMAN ingeniaritza-enpresa nafarrak (zama eta dimentsio handiak mugitzeko, lekualdatzeko eta iraultzeko manipulazioetan aditua denak) eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak elkarrekin jardun dute irtenbide baten garapenean, aerosorgailu-palak mekanizatzeko eta zulatzeko makina berritzaile bat diseinatzeko eta fabrikatzeko xedea duen irtenbide bat garatzeko orduan.
Azkartasunagatik, moldakortasunagatik eta hainbat neurritako elementuei egokitzeko gaitasunagatik nabarmentzen da irtenbide hori. Zentzu horretan, 75 metro arteko luzera eta 4,2 metroko kanpo-diametroa dituzten piezak mekanizatzeko gai da ekipoa, egungo zehaztasuna %40an gainditzen duen zehaztasunarekin eta modu guztiz automatizatuan. Beste alde batetik, mekanizazio-denboretan murrizketa nabarmenak lortu dira, eta egungo denborak %60 arte murriztu.
Elkarlanaren esparruan, IK4-TEKNIKERek ikerketa bat egin du, planteatu diren betekizunak beteko dituen automatizazio-irtenbide bideragarri bat ezartzeko asmoz.
Era berean, zentro teknologikoak egikaritu du simulazioaren eta diseinuaren atala. Horren barruan, hauek sartzen dira: makinari neurriak ezartzea, 3Dko diseinu mekanikoa egitea, diseinu elektrikoa egitea eta berori programatzea.
IK4-TEKNIKEReko eta JATORMANeko ikertzaileek, bestalde, irtenbide pilotu bat garatu dute. Oinarri makur batek, dorretxo mugikor batek, ardatz birakari batek eta besoetarako euskarri batek osatzen dute irtenbide pilotu hori. Mugimendu lineala duten bi egitura mekano-soldatu dira beso horiek, eta mekanizatu behar den diametroa palaren neurrietara doitzea ahalbidetzen dute.
Beso bakoitzak, muturrean, fresaketa-unitateari, zulaketa erradialerako unitateari eta zulaketa axialerako unitateari eusten die. Unitate horiek, gainera, pala neurtzeko eta kokatzeko sentsore laserra daukate.
Printzipio optikoetan oinarrituta dauden neurri-sentsoreak hautatu ditu IK4-TEKNIKERek, neurketak kontaktu fisikorik egon gabe egitea ahalbidetzen baitute.
Gainera, diseinu elektrikoa egin aurretik, arriskuen azterketa egin da, eta teknikariaren nahiz makinaren segurtasuna bermatzeko behar diren elementuak hautatu dira.
Software espezifiko batetik abiatuta, kontrolatzailearen programa eta erabiltzailearen pantailak kodetzeaz arduratu da zentro teknologikoa.
IK4-TEKNIKER eta JATORMAN elkarlanean aritu dira makinak azken horren instalazioetan abiarazteko unean, bai eta enpresako teknikarien prestakuntza-plan osoan ere.