Hidrogenoa, deskarbonizazioaren elementu giltzarria
Gaur egungo gizarteak aurrez aurre duen erronka nagusietako bat klima-aldaketa da, eta, horri aurre egiteko, karbono dioxidoaren isuriak zorrotz murriztu behar dira. Horri begira, erregai fosilen ordez energia berriztagarrien iturriak jarriko dituen energia-trantsizioa egin behar dugu. Zentzu horretan, hidrogeno berriztagarria da energia-trantsizio hori eraginkor burutzeko energia-bektore nagusietako bat.
Energia berriztagarrietatik hidrogenoa ekoizteko, uraren elektrolisia egiten da; hau da, ur-molekulak osagaietan (hidrogenoa eta oxigenoa) banantzen dira, iturri berriztagarrietatik datorren elektrizitatea erabiliz. Elektrolisi-prozesuari esker, energia elektriko berriztagarriaren kopuru handiak metatu daitezke, denbora luzez metatu ere, energia elektriko hori hidrogeno bihurtuta.
Horretarako, elektrolisi-sistemek (elektrolizatzaileek) elektrizitate eolikoa eta fotovoltaikoa sortzeko instalazioekin integratuta egon behar dute. Alabaina, elektrolizatzaileek ez dute energia elektrikoa bere horretan metatzeko bakarrik balio (energia berriztagarriek sortutako potentzia handiagoa erabiliz), sareko balantze-zerbitzuak eta maiztasun-kontrolerako zerbitzuak emateko gaitasuna ere badutelako.
Dauden askotariko elektrolizatzaileen barruan, mintz polimerikoa (PEMWE) duten elektrolizatzaileak garrantzi berezia eskuratzen ari dira azken hamarkada honetan, energia berriztagarrien aldizkako iturriekin akoplatzeko ezin hobeak direla uste baita. Izan ere, erantzun dinamiko eta azkarra ematen dute, korronte-dentsitate altuetan lan egiteko gai dira, oso eraginkorrak dira, diseinu trinkoak dauzkate, eta presio altuetan lan egin dezakete. Proiektu pilotu gutxi batzuetan erakutsi da teknologia horren ahalmena; adibidez, 2 MW Haeolus proiektuan eta 10 MW Refhyne proiektuan.
Hori dela-eta, PEM elektrolizatzaileek abantaila ugari badituzte ere, hidrogenoari potentzia emateko teknologiaren merkatuan oro har hedatzea galarazten duten oztopo asko daude oraindik ere. Batez ere, honako oztopo hauetaz ari gara: kapital-kostu (CAPEX) eta operazio-kostu (OPEX) handiak, masan fabrikatzeko prozesuen falta eta material kritiko jakin batzuekiko mendekotasuna.
Horretarako, elektrolisi-gelaxken diseinu berriak behar dira, material berri eta merkeagoak txerta daitezen eta, ondorioz, seriean fabrikatu ahal izan daitezen, modu lehiakorrean. Diseinu berri horiek, gainera, efizientzia hobetu beharko dute, eta sistemen sendotasuna areagotu, gas- eta ur-fluxuen kudeaketa nahiz kudeaketa termikoa hobetuz. Diseinu eta material berriek, beraz, jarduneko presioa eta gelaxken arlo aktiboa handitzea ahalbidetu beharko dute.
Testuinguru horretan, PEM elektrolisirako teknologiaren fabrikazio-kostuak murrizteko osagai kritiko berriak garatzen ari gara Teknikerren.
Garapen berriak, elektrolisi-sistemetan ez ezik, integrazio- eta kontrol-teknologia berrietan ere zentratzen dira, elektrolizatzaileak eta energia berriztagarrien instalazioak ezin hobeto akopla daitezen, hidrogeno berriztagarria prezio lehiakor batean ekoitzi ahal izateari begira.
Eta, finkatutako deskarbonizazio-helburuak lortze aldera, hidrogenoaren inguruko teknologiak azkar hedatu behar direnez, industria-sektoreari transferitu behar diogu eskuratu dugun ezagutza guztia. Hori dela-eta, Tekniker Hidrogenoaren Euskal Korridoreko (BH2C) bazkidea da; izan ere, ekimen horrek hainbat enpresa eta antolakunderen ezagutzak eta ahaleginak bateratzen ditu, hidrogeno berriztagarria energia-sisteman errealitatea izan dadin.
Deskarga ezazu artikulu osoa.