Hyperdrill makina, Advanced Manufacturing Awards sarietarako proposatu dute
Teknikerrek Aernnovarekin lankidetzan garatutako errendimendu handiko laser mikrozulaketa-sistema berdingabea da.
Teknikerrek Aernnovarekin lankidetzan garatutako Hyperdrill makina "ekoizpen-prozesuko teknologia disruptiboen" gisa proposatu dute Advanced Manufacturing Awards sarietan.
Sari horiek berrikuntzak egiten dituzten eta balio-katearen edozein fasetan eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzen laguntzen duten industria-sareko enpresak saritzen dituzte.
Proposatutako makina industria-ekipamendu paregabea da, titaniozko panel mikrozulatuak produktibitate-tasa altuetan fabrikatzeko laser-teknologian oinarrituta dagoena.
Panel horiek etorkizuneko hegazkin komertzialen isats-egonkortzaileen eraso-ertza eratzeko diseinatuta daude. Erregaiaren kontsumoa murriztea da helburua, hegazkinaren marruskadura murriztea ahalbidetzen duen fluxu laminar hibridoaren kontrol (HLFC) deiturikoaren bidez.
HLFC motako panelak fabrikatzeko errendimendu handiko laser mikrozulatuko lehen industria-makina da Hyperdrill, eta Bremer Institut Fur Angewandte Strahltechnik (BIAS) Alemaniako zentro teknologikoarekin eta Aernnova enpresarekin lankidetzan garatu da. Laser prozesaketan bi teknologia osagarri konbinatzen ditu, segundoko 500 zulo arteko zulatze-tasak lortzeko eta prozesuaren bideragarritasun industriala ziurtatzeko aukera ematen dutenak. Ekipamenduak 5x2 metrorainoko panelak prozesa ditzake.
Halaber, makinak ikuskapen-sistema bat du, zulo bakoitzaren dimentsioak denbora errealean baliozkotzen dituena eta bezeroari lortutako emaitzaren informazio osoa ematen diona.
Saritutako proiektuak azaroaren 15ean iragarriko dituzte MetalMadrid, Composites y Robomática Madrid ekitaldian.
Publikoak ere bere proiekturik gogokoena bozka dezake sarien webgunean urriaren 31ra arte.